Bigarrena ere bidean da
Datorren urteko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dute Euskaraldiaren bigarren edizioa .«Euskaraz aritzeko aukera ematen duten gune, egoera eta espazioak» sortu nahi dituzte

«Hau hasi besterik ez da egin». Hitz horiekin bukatu zuten Euskaraldiaren aurreneko edizioa, Donostian egindako ekitaldian. Iazko udazkenean hasitako bideari eutsi eta pauso berriak emateko asmoa agertu du orain Euskaltzaleen Topaguneak, eta 2020an Euskaraldiaren bigarren edizioa egingo dutela iragarri du. Data ere jarri dute dagoeneko: azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da. Egitasmoa 11 egunetik 15era zabaltzeaz gain, berrikuntza gehiago ere izango ditu, indarra norbanakoen arteko harremanetan ez ezik, espazio publikoetan ere jarriko baitute, binakako elkarrizketetatik taldeetara zabalduz. Horretarako, ahobizi eta belarriprest rolez gain, ariguneak ere sortuko dituzte, euskaraz eroso jarduteko espazioak, alegia.
Txapak eta ‘ariguneak’
Lehen Euskaraldirako sortutako ahobizi eta belarriprest rolak eta haien identifikazio txapak egitasmoaren ikur bihurtu ziren, oso harrera ona izan baitzuten herritarren artean. Hala, rol horien bidez herritarren artean sortutako harremanen inguruan, balorazio baikorra egin dute, eta 2020an ere, eutsi egingo diete, bai rolei baita txapei ere.
Berrikuntzarik ere izango da, ordea. Lehendabiziko ariketan, «ahobizi eta belarriprest rolak hautatu zituzten parte hartzaileei bi lagunen arteko elkarrizketetan ohiturak aldatzeko gonbitea» egin zitzaien, «bi lagunen arteko aurrez aurreko ahozko elkarrizketetan» eragin nahian. Orain ordea, beste eremu batzuetara ere zabaldu nahi dute; horretarako «euskaraz aritzeko aukera ematen duten gune, egoera eta espazioak identifikatu» nahi dituzte, fokoa bereziki «entitateen babespean ematen diren guneetan» jarrita. Ariguneak kontzeptu berria sortuko dute horretarako; euskaraz dakitenek eta ulertzen dutenek «elkarrekin euskaraz arituko diren gune kolektiboak» izango dira. Erakunde publikoetan, lantokietan, elkarte eta kirol taldeetan sortuko dituzte gune horiek.
Aurkezpena Ordizian
Oraindik urte eta erdi falta bada ere, Euskaltzaleen Topagunea dagoeneko hasia da bigarren edizioaren oinarriak finkatzen. Aurkezpen ofiziala udazkenean egingo dute, baina oinarrizko dokumentua osatu dute dagoeneko, eta hasi dira herrietako euskara taldeei aurkezten.
Goierrin aurreneko saioa ostegunean egingo dute, Ordizian. Euskaltzaleen Topaguneko teknikari bat etorriko da, bigarren edizioaren helburuak, ezaugarriak eta kronograma azaltzeko. Ekitaldia 18:00etan izango da, Lukusin plazako gazte lokalean. Ordiziako Euskaraldiko Batzordeak, lehen edizioan parte hartu zuten herritarrei eta interesa duten guztiei egin die lehen saio horretara joateko deia.