Eta gaur, urteko egun handia
Zumarragarrak Santa Isabel jaiak ospatzen ari dira ostiraletik. Orain arteko protagonista nagusiak musika bandako kideak izan dira. Igandean Gozategirekin jo zuten. Gaur Santa Isabel eguna ospatuko da Antion.

Zumarragarrak Santa Isabel jaiak ospatzen ari dira ostiraletik. Eguraldi bikaina lagun, sekulako giroa egon da asteburu osoan herriko kaleetan. Gaur jaietako egun handia ospatuko dute: Santa Isabel eguna.
Orain arte, jaietako protagonista nagusiak musika bandako kideak izan dira. Izan ere, bandak 150 urte bete ditu. Hala, ohiko emanaldiak egiteaz gain, pregoia irakurri eta Gozategi taldearekin kontzertua egin dute.
Pregoia ostiralean irakurri zuten, danborradaren amaieran. Gainera, Jose Migel Laskurain taldekideak konposatutako ereserkia estreinatu zuten. Igandean, berriz, Gozategirekin kontzertua egin zuten. Oriotarrek lehenengoz jo zuten banda batekin.
Bandakoak, pozik
Ibon Elgarresta bandako lehendakaria oso pozik ageri da. «Hunkituta gaude. Oso pozik. Eguraldiak ere lagundu zuen, nahiz eta tanta batzuk erori ziren. Plazan horrenbeste jende ikustea oso pozgarria izan zen», esan du.
Musikari oriotarrak ere gustura itzuli ziren etxera. «Kontzertuaren ondoren oso pozik zeuden. Ezin zuten sinetsi nola moldatu daitekeen hain ondo banda bat beraien musikara. Banda gehiagorekin jotzeko asmoa azaldu zuten».
Egun hauek hunkigarriak izan dira bandako kideentzat, baina nekagarriak ere bai. Izan ere, pregoiaz eta Gozategirekin egindako kontzertuaz gain, ohiko ekitaldiak izan dituzte: ostiral arratsaldeko kalejira, ostiral gaueko danborrada eta igande arratsaldeko haurren danborrada. Atzo uniformea etxean utzi zuten. «Egun gogorrak izan dira, baina dagoeneko bukatu dugu gure lana». Gaur, gainontzeko zumarragarrekin batera, Santa Isabel egunaz gozatuko dute.
Gaurko egitaraua:
· 08:00. Txistularien kalejira.
· 09:30. Agintariak eta herritarrak plazan elkartuko dira Antiora igotzeko.
· 11:00. Meza eta ezpata-dantza.
· 12:30. Ohorezko aurreskua.
· 13:00. Bertsolarien, dultzaineroen eta trikitilarien saioa.
· 14:30. Herri bazkaria.
· 17:30. Erromeria txistulari, dultzainero eta trikitilariekin.
· 19:00. Bederatziurrena.
· 19:30. Rock’n Brass taldearen kalejira herriko kaleetan.
· 21:15. Kaleko ezpata-dantza.
· 21:30. Erromeria txistulariekin eta trikitilariekin, plazan.

















