Festa, bustian nahiz lehorrean
Zaldibiako 22. Gazte Festak ospatuko dituzte, hiru egunez. Baltsa jaitsiera, sasi pilotari finalak eta sagardo dastaketa izan dituzte, besteak bete. Kale giro bikaina beste behin
Udazken hasierako Santa Fe jai nagusiei inbidiarik ez dioten festak dira gazteenak. Orain 22 urte hasi zen garaiko gazte taldea udako festa hauek antolatzen, herriari bestelako eskaintza bat egin eta gazteen arteko harremanak sendotu asmoz. Gorabeherak gorabehera eta aldaketak aldaketa, bizirik jarraitzen dute, eta inor gutxik irudikatu lezake herria gazteen festarik gabe. Zaharrenek halaxe izendatzen dituzte, baina aurkitzen dute hala ere haientzako tokia.
Arkakuxoa jaistearekin bat hasi ziren ostegunean Zaldibiako 22. Gazte Festak. Txikienek haren sabeletik ateratzen diren gozokietan izan dute begi bat, eta bestea, abaila batean ateratzen diren buruhandietan. Otartekoekin plazan afaldu eta gero, Maialen Akizu, Odei Lopez eta Aratz Igartzabal bertsolariek girotu zuten ondorena.
Sasi pilota ere 22ra heldu da
Ostiral arratsaldean baltsa jaitsiera egin zuten errekan. Giroa bero, uretaratzeko nagirik sortzen ez duen horietakoa. R Ke R Legazpiko elektrotxarangaren txanda izan zen iluntzean, eta gauean rock kontzertuena: Zure Etsai, Bake Faltsua eta Iluntzean. Eta larunbatean, urtetan ostiralez egin diren bi ekitaldi: 22. Sasi pilotari txapelketaren finalak eta XIII. Sagardo dastaketa. Nesketan 13 bikote lehiatu dira, eta finalean onenak Goizane Irastortza eta Janire Lopez izan ziren, Maren Mendizabali eta Sara Etxaberi 22-15 irabazita. Mutiletan (27 bikote), Ion Aranzabe-Peru Elosegi izan ziren irabazleak, Hodei Irastortza eta Aimar Garmendia mendean hartuta (22-19). Eta dastaketaren aurretik, aipamen berezia gazteek Illatiko Maixabel Urkolari, min hartuta dagoenez taberna ireki ezinik baitago. Hainbat gautiarrek garraztu dute ordea festa, jo eta hautsi ibili beharrarekin.













