Iraileko Santikutzetan txosna ustiatzeko eskaerak egiteko azken egunak dira
Eskaerak egiteko Legazpiko udaletxeko Herritarren Arreta Bulegora jo behar da; azken eguna uztailaren 5a da

Uztailaren 5era arte zabalik dago Agorreko Santikutzetan txosna ustiatu nahi duten kolektiboek izena eman dezaten. Iraileko Santikutzak 13tik 15era ospatuko dituzte aurtengoan. Izena udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan eman daiteke.
Txosna ustiatzeko baldintza batzuk bete beharko dituzte eskera egiten dutenek. Azken urteetan Legazpin ekintzak antolatu dituzten herriko elkarte nahiz taldeek bakarrik egin ahal izango dute eskaera; eskaera pertsonalik ez dute onartuko, ezta alderdi politikoek egindakoak ere. Gehienez bi esleipen egingo dituzte, asko jota bi txosna jarri ahalko dira, beraz. Lehentasuna izango dute iazko maiatzeko jai nagusietan txosna ustiatu ez zuten taldeek.
Udalak bere kontu hartuko ditu karpa, harraska, argindarra eta ur-hornidura. Gainerakoak eskatzaileek hornitu beharko dituzte. Txosna barruan antolatzen diren ikuskizunak beranduenez 03:00etan amaitu beharko dira. Txosnaren ordutegia ere ezarri dute: 12:00-05:00, argindarra 06:00etan etengo dute. Edalontziak eta bestelakoak berrerabilgarriak izango dira.
Eskatzaileek fidantza bat utzi beharko dute esleipena lortuz gero.