Maizpide euskaltegia 45. Udako Ikastaroekin eta ekitaldiekin hasiko da
Lazkaoko Maizpide euskaltegiak 45. Udako Ikastaroak hasiko ditu. Hiru hilabetean, bina asteko sei ikastaro egingo dituzte barnetegian. Kultur egitarau zabala ere antolatu dute, ikastaroak laguntzeko:

Euskara ikasteko udako ikastaro bereziei atzo ekin zien Lazkaoko Maizpide euskaltegiak. 45. Udako Ikastaroak dira, eta udako hiru hilabeteetan, bina asteko sei ikastaro eskainiko ditu, goiz eta arratsaldeko ordutegiarekin. Azken urteetan, estimu handia izan dute ikastaro horiek barnetegian. Maila guztietako klaseak hartu ahal izango dira, A1etik C2rainoko guztiak.
Klaseez gain, eta Udako Ikastaroetan ohitura den moduan, kultura-egitarau osagarria ere prestatu du Maizpidek uztail, abuztu eta irailerako. Ekitaldi irekiak izango dira, herritar guztientzat irekiak. Uztailean, Lazkaoko plazan edo Arerian gauzatuko dituzte; abuztuan eta irailean, euskaltegi barruan.
Bertsolari gazteak, bihar
Aurreneko udako ekitaldia bihar egingo du Maizpidek, Goierriko sei bertsolari gazterekin saioa (plazan, 22:00etan). Maddi Aiestaran, Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Endika Igartzabal, Gorka Maiz eta Mikel Tapia ariko dira; aurkezle, Eresti Oiarbide.
Asteko ekitaldi bana izango da, hamabi guztira. Uztailari dagozkion hurrenak Sukarra 37 musika talde beasaindarraren kontzertua (uztailak 11, plazan, 22:00etan), Txalo antzerki konpainiaren Rita antzezlana (uztailak 17, Arerian, 22:00etan) eta bertsolariekin eta trikitilariekin poteo girotua (uztailak 25, 18:30ean) izango dira. Eneko Araiztegi eta Mikel Tapia bertsotan, eta Iñaki Rezusta eta Jon Sagarna trikiti-panderoekin ibiliko dira Lazkaoko tabernetan.
Iñaki Perurena, abuztuan
Abuzturako, areto itxietarako egokiagoak diren ikuskariak prestatu ditu Maizpidek: Iñaki Perurenaren Harria, maitasun istorioa hitzaldia (abuztuak 7), ATX Teatroaren Tomiris, mendeku zilegi baten istorioa antzerkia (14an), Koldo Ameztoiren Kiliki eta Kalaka ipuin kontaketa (21ean), eta Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia goierritarrekin bertso afaria (29). Euskaltegian bertan izango dira horiek.