Aurreikuspenak gainditu ditu Sasietaren konposta banatzeko kanpainak
Sasieta Mankomunitateak 11.940 kilo konpost banatu ditu. Kanpainak iraun dituen lau asteetan 3.000 lagun baino gehiago gerturatu dira informazio postura.
Sasieta Mankomunitatearen Konposta zuri esker kanpainak “aurreikuspen guztiak gainditu” ditu. Kanpainak iraun dituen lau asteetan, Goierriko 14 herritan izan dira, eta 3.084 lagun gerturatu dira informazio postura. Guztira, 11.940 kilo banatu dituzte dohainik goierritarren artean.
Egitasmoak oso harrera ona izan duela eta kanpainaren helburu guztiak bete dituztela dio Sasietak: «Gipuzkoan egiten den konposta ezagutzera eman, kalitatezko konposta lortu eta zirkulua ixteko materia organikoa ongi bereizteak duen garrantziaz jabetu, akatsak zuzendu eta herritarren inplikazioa eta kontzientzia areagotu».