Antolatu dute udala
Zazpi batzorde izango ditu Lazkaoko Udalak 2019-2023 aldirako. Bakarrean batu dituzte Kirola, Gazteria, Hezkuntza eta Euskara. Alkateaz gain, oposizio buruak ere liberazioa dauka, lehen aldiz
Lazkaoko Udalak osteguneko osoko bilkuran finkatu zituen 2019-2023 agintaldirako egitura, batzordeak eta haien buruak, eta zinegotzien asignazioak. Kepa Zubiarrain alkateak gidatutako lehen udalbatzarra izan da. Alkateordeak Amagoia Naldaiz eta Aitor Altuna izango dira (EAJ). Gobernu Batzarra Zubiarrain, Naldaiz eta Altuna jeltzaleek, eta EH Bilduko Joxemari Ormazabalek eta Maialen Amundarainek osatuko dute.
Liberatutako bi politikari izango ditu udalak, oraingoz: Zubiarrain alkatea (EAJ), 61.232 euroko ordainsariarekin; eta, lehen aldiz, oposizioko burua, Joxemari Ormazabal (EH Bildu), hala eskatuta, lan erdian (22.043,52).
Bestetik, EAJren udal taldeko bigarren zinegotzia eta konfiantzazko behin-behineko langile bat liberatzeko proposamena onartu dute, bakoitza 48.985,60 euroko ordainsariarekin. Alkateak erabakiko du noiz izendatu.
Ohiko osoko bilkurak hilean behin egingo ditu udalbatzak, azken ostegunean, 18:30ean.
Lazkaoko Udalak zazpi batzorde informatzaile izango ditu, arduradun hauekin: Ogasuna, Pertsonala, Kontratazioa eta Kontu Bereziena (Eneritz Miranda); Ekonomia Sustapena (Iñaki Estensoro), Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasuna (Benita Goñi); Hirigintza, Etxebizitza eta Zerbitzuak (Kepa Zubiarrain); Landa Lurra (Aitor Altuna); Kultura (Amagoia Naldaiz); eta Kirola, Gazteria, Hezkuntza eta Euskara (Felix Urkola).
EH Bilduk 10 batzorde bereiztea proposatu zuen, Berdintasuna, Kirola eta Gazteria, Hezkuntza eta Euskara bereizita. Arduradunak bi udal taldeek erdi- banatzea ere eskatu zuen.
Batzordeetan izen-ematea
Herritarrek batzorde informatzaileetan parte hartzeko, izen-emate epea ireki zuen, atzo, udalak. Uztailaren 12ra artekoa da. Udaletxean eman behar dituzte datuak, joanda edo hots eginda.