Brinkolako elizan aldare berria jarri dute, zaharra pipiak janda zegoelako
Aurreko aldarea pipiak janda zegoen, orain 30 urte ingurukoa zen. San Agustin eliza, oro har, pipiak erasotuta dagoela azaldu du Iñigo Mitxelena Legazpiko parrokoak
Brinkolako San Agustin elizan aldare berria ipini dute. Aurretik zegoena pipiak jota zegoen eta berriagatik aldatu dute; zurezko aldare mugikorra jarri dute. Aurreko igandean, goizeko mezan bedeinkatu egin zuten aldare berria.
Aldarea berritu beharra zegoela konturatu ziren eliza osoan, oro har, pipia dagoelako. Pipiak janda daude egurrezko osagaiak eta oholtza. «Iaz oholtza leundu genuen eta egurra pipiaren kontra tratatu genuen», dio Iñigo Mitxelena Legazpiko parrokoak.
Aldarea berrituko zutela erabaki zuten eta Guadalajarako Arte Martinez enpresari egiteko enkargua egin zioten, prezioari eta kalitateari dagokienez eskaintza onena egin zielako. Altzari erlijiosoak egiten dituzten enpresa asko ez dagoela esan du parrokoak, «kalitatean, prezioan eta estiloan aldea dago enpresen artean».
Aldarea bedeinkatzeko erritual zehatza dago: «Elizako elementurik garrantzitsuenetakoa da Kristo irudikatzen baitu. Aldarea Kalbario mendia eta haitza dira, non Jesus gurutziltzatu zuten. Aldare gainean eukaristia egiten da. Bedeinkapen zeremonia soila egin genuen, Brinkolako bertsolarien parte hartzearekin».