Idiazabal, turistak hartzeko prest
Barnealdera turistak erakartzeko eskaintza zabala egin du Idiazabalgo turismo bulegoak. Gazta eta gaztandegiak izango dira proposamen desberdinen mamia
Turistak erakartzeko prest dute guztia Idiazabalen. Eskaintza erakargarri eta anitza dute beste behin ere, udan barne aldera turismoa erakartzeko asmoarekin. Idiazabal gaztaren inguruan antolatu dute eskaintza nagusia.
Ekainaren 29an jarri zuten abian Idiazabalen udako denboraldi turistikoa. Gaztaren interpretazio zentroak bere irekiera ordutegia zabalagoa izango du irailaren 30era arte. Astelehenetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.
Idiazabal paketea
2018az geroztik eskaintzen dute Idiazabal paketea, eta aurten ere egongo da aukera hori. Helburua, Idiazabalera bisitan gerturatzen direnak eguna herrian pasatzea da. Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroko bisita, herriko gaztandegi batera bisita eta herriko jatetxe batean menuaz gozatu ahalko da, prezio itxi baten barruan. Pakete horren barruan ere igerilekuko sarrera sartzen da.
Gaztañaditxulo, Goiburu eta J. Aranburu gaztandegiak dira pakete berezi horren barruan bisitatu ahalko direnak eta menua, Xumek, Pilar Eneak eta Guardik emango dute.
Baina paketeko eskaintzaz gain, egunero-egunero herriko gaztandegi bat bisitatzeko aukera ere egongo da. Uztaileko eta abuztuko igandeetarako J. Aranburu gaztandegira bisita bereziak antolatu dituzte, 11:30etik 13:30era, horrela, Idiazabal gaztaren ekoizpen prozesua bertatik bertara ezagutzeko. Horrez gain, Gaztañaditxulo gaztandegian, Ander Barandiaran artzainak bere egunerokoa nolakoa den erakutsiko du larunbatetan, 11:30etik 13:30era.
Garraio publikoan
Gainera, Donostiko eta Gipuzkoako turismo bulegoetan eta hotel nagusietan, eskaintza bateratua egingo dute. Garraio publikoa erabiliz eta Donostiatik trenez goizeko lehen orduan abiatuz, Ordiziako azoka lehenik, Idiazabalgo J. Aranburu gaztandegira bisita egiteko aukera ondoren eta, azkenik, Idiazabal Gaztaren Interpretazio zentroa bisitatu ahalko dute, arratsaldean berriro ere Donostiara bueltatu aurretik.
Turismo eskaintzaren inguruko xehetasun guztiak jaso nahi dituztenek 943 188 203 telefonora deitu, info@idiazalturismo-com epostara idatzi www.idiazabalturismo.com webgunea bisitatu ahalko dute.