Legazpira dator 'Far West'-a
Uztakale Legazpiko kultur egitarauaren barruan Akelar taldeak 'Al Baker's Saloon' ikuskizuna egingo du. Laubide kalean izango da, 17:30ean hasi eta 20:30era arte
Amerikako Estatu Batuetako Mendebalde Urruneko estetika eta magia uztartzen ditu Akelar taldearen Al Baker’s Saloon ikuskizunak. Gaur, Legazpiko Uztakaleren barruan, Laubiden egingo dute, 17:30ean hasita: eguraldiak lagunduko ez balu, ikuskizuna Azokan eskainiko dute.
Arteak badu espazio ezezagunetara eramateko gaitasuna, eta gaurkoan espazio hori AEBtako Mendebalde Urruna izango da. Antzezleak cowboy banda bat dira, Al Baker´s banda. Eszena saloon bat da, bandako kideak han daude sartzen diren kanpotarrak lumatzeko prest. Magiari tokia egingo diote, eta saloon batean denez gero, dirua eta karta-jokoak izango dira nagusi. Ikusleei gonbidapena egingo diete edo, bestela esanda, erronka joko diote: «Ausartuko al zarete saloon honetan sartzen?».
Ikuskizuna 17:30ean hasiko da eta 20:30ean amaitu. Ez da baina, segidan horren luze irauten duen ikuskizuna. Cowboy aktoreek saloonera sartzen gonbidatuko dituzte ikusleak eta barruan umorez, parte-hartzeaz eta magiaz betetako saioak egingo dituzte; bakoitza hogei minutukoa.
Saloon-a, horrenbestez, espazio itxi bat da, karpa ibiltari bat non ikuskizuna egingo duten. Berez 50 pertsonentzako tokia du sortu duten saloon-ak, baina erabilitako teknikei esker, efektu optiko bati esker, barruak benetako saloon baten itxura hartzen du.
Al Baker’s hiru gaizkilek osatzen dute. Tor Aitor Bilbao magoa da; mago profesionala da eta ETBn ehunka telebista saiotan parte hartu du: 3txulo, Sorgintxulo, Magoak… Alfonso Diez bandako beste kide bat da. Antzerkian, zinean, klown munduan eta magian trebatu da. Txoborro gaizkilearen rol Iñigo Gabilondok jokatuko du. Aktorea eta ikuskizunaren sortzailea da Aitor Bilbaorekin batera.
Badago beste pertsonaia bat, bandako kide ezinbestekoa dena gainera. Baina hura nor den jakiteko Laubidera joan beharko du irakurleak. Karpara sartzeko urratsa eman eta, bat-batean, AEBko Far West-ean egon, gaizkile banda batek inguratuta.