Goierri TB taldeko Unai Iribarrek irabazi du 92. Loinatz Klasikoa
Azken metroetan erabaki da 92. Loinatz Proba. Goierriko TB-Laboral Kutxa taldeak bi txirrindulari sartu ditu aurreneko postuetan. Taldeka, Kometa Cycling Team izan da onena.

Loinatz Txirrindulari Elkarteak antolatuta, 92. Loinatz Proba txirrindularitza klasikoa jokatu dute asteburuan Beasainen. Goierriko TB-Laboral Kutxa taldekoek garaipen garrantzitsua lortu dute bertan. Lasterketa buruan ihes egin duen 20 bat laguneko taldean bi txirrindulari sartu ditu taldeak: Unai Iribar eta Iker Ballarin. Eta biek ere, azken sprintean lehiatu dira, Kometa Cycling Team taldeko beste bi txirrindulariren aurka. Azkarrena Goierriko taldeko Unai Iribar izan da, Alessandro Fancellu eta Alejandro Roperoren aurretik; Iker Ballarin taldekidea laugarren sartu da helmugan. Tropela berriz, lehen taldetik 1.20ra iritsi da.
Hiru ordu eta 33 minutu behar izan dituzte txirrindulariek 144 kilometroko ibilbidea osatzeko; 40,7 kilometro orduko abiadura izan dute, bataz beste. Bidean, Abaltzisketa, Liernia, Olaberria eta Mandubiako gainak igo dituzte.
Mendiko Saria Team Compak taldeko Gerard Armillasentzat izan da; Tarteko Helmugena Baque taldeko Jose Luciano Matinezentzat, eta Taldekako Saria Kometa Cycling Teamek jaso du. Goierriko TB-Laboral Kutxa laugarren gelditu da taldeka.