Nora Tobar Espainiako bigarren altuera jauzian
Marka pertsonala hobetu eta zilarrezko dominarekin bueltatu da Tobar Granollersetik.

Nora Tobar atleta ataundarrak zilarrezko domina irabazi du altuera jauzian, 20 urtez azpiko pista irekiko Espainiako Atletismo Txapelketan, Granollersen (Bartzelona). Txindoki Atletismo Taldeko gaztea seigarren marka onenarekin joan zen txapelketara (1,66 metro) eta baita hobetu ere, 1,70 metroko jauzia egin baizuen. 19 urterekin, Espainiako Txapelketetan parte hartzen duen 13. aldia du eta asteburuan lortutakoarekin 10 domina eskuratu ditu.
Bestalde, Txindokiko Aritz Apaolaza ere Granollersera joatekoa zen, pisu jaurtiketan (6 kilo) lehiatzeko baina pasa den astean entrenatzen ari zela lesionatu eta denboraldiari agur esan behar izan dio. Apaolazak, zortzigarren marka onena zuen (15,57 metro) eta finalean sartzeko aukera handiak zituen.