Olaberriak palan mugarria goratu du, Euskal Herriko Herriartekoa irabazita
Azken hiru urteetako txapeldun Gasteizi 3 eta 1 irabazi dio, jardunaldi bikoitzean. Urte bikaina ondu du Olaberriak. Euskal Herrikoa lortu duen Gipuzkoako lehen herria da
Gipuzkoako Herriarteko pala txapelketa seigarren aldiz ekainean irabazi ondoren, Euskal Herriko txapela ere jantzi du Olaberriko taldeak. Asteburuan Gasteizekin jokatu dute palako modalitateko finala, jardunaldi bikoitzera. Lehendabiziko aldiz, Gipuzkoako herri bat da palan jaun eta jabe, nazio mailako txapelketaren sei urteko historian: Sestaok bi txapela (2014 eta 2015) eta Gasteizek hiru (2016, 2017 eta 2018) dituzte.
Bizkaiak kirolez haraindiko arazoengatik eta Nafarroak sanferminak tarteko, ez dute parte hartu herrialdeen arteko Herriartekoan. Olaberriak lehen aldiz jokatu du, eta azken hiru urteetako txapeldun Gasteiz uste baino errazago menderatu du, bi jardunaldietan: 3 eta 1 orokorrean, eta beste lorpen bat herrira.
Beste behin, Olaberriko pilotalekua gotorleku bihurtu dute palariek. Paleta larruz 35-18 eta pala motzean 40-20 irabazi zieten Berasategi-Garrido eta Arrieta-Olaran bikoteek Gasteizi, ostiralean. Partidetan 2-0 eta 37 tantoren aldearekin, birtualki txapeldun zirela joan ziren igandean Gasteizko Abetxukora.
Zalantzentzat zirrikiturik utzi gabe, hango lehen partidan, paletakoa irabazita, ziurtatu zuten txapela. Gasteizen bizi den Tomas Lacalle ordiziarrak (Munduko txapeldun izana) jokatu zuen Arabakoekin, pala motzean, gasteiztarrentzat ohorezko garaipena lortuz.
Bi gako garaipenerako
«Izugarrizko poza» hartu dute Olaberriko pilotari beteranoek Euskal Herriko Herriartekoa irabazita. «Egundoko saria» da. «Aukera ikusten genuen, noski. Euskal Herriko Txapelketan ere jokatzen dugu arabarrekin, eta ezagutzen dugu elkar. Zaila aurreikusten genuen, hori bai», dio Garikoitz Arrietak.
Bi gako ditu Olaberriak, halako lorpena erdiesteko, Arrietaren iritziko. Taldearen oreka, bat. Berasategi laukote ofizialera itzuli izanak sendotasuna eman dio, gainera. «Bi bikote sendo edukitzea da gakoa». Bestea, joko puntu onarekin iritsi izana Herriartekora. Apirilean Valleladorekin eginiko desafioa aparteko prestakuntza izan da, berriro.
Emaitzak
Olaberria (uztailak 5)
· Paleta. Berasategi-Garrido 35 / Petralanda-Martinez 18.
· Pala motza. Arrieta-Olaran 40 / Cotorruelo-Temprano 20.Gasteiz (uztailak 7)
· Paleta. Petralanda-Martinez 30 / Berasategi-Garrido 35.
· Pala motza. Lacalle-Temprano 40 / Arrieta-Olaran 29.DENERA: Olaberria 3 / Gasteiz 1