Atzegiko boluntarioen txanda da Ehunmiletan
Boluntario lanak egiteko euren txanda dela erreibindikatuz datoz aurten Atzegiko kideak. Ez da zeregin horretan jardungo duten lehen aldia. Ehunmiletako partaideek aurreko urteetatik ezagutzen dituzte.
Aurten ere gogotsu datoz Atzegiko kideak Ehunmilak probetan laguntzera. Elkartearen azken sentsibilizazio kanpainak kaleratutako mezuarekin bat eginez, gainera. Gure txanda da esanez, urteetan gizarteak eman diena gizarteari itzultzeko prest daudela erakutsi nahi dute boluntario lanak eginez!
Beasainen, eta Ehunmilak probetan zehazki, ezagunak dira Atzegiko boluntarioak, aurten seigarren aldia izango delako lanean jardungo dutena. Aparkalekuetan autoen joan-etorria gidatzen, edo Pergola inguruan (Gernika pasealekuan) korrikalariei informazio orriak, poltsak, edalontziak, Goierriko Hitza-k kaleratutako ale berezia eta bestelako materiala banatzen, ezinbesteko laguntzaile bihurtu dira.
Atzegiren boluntario taldea handitzen joan da urtetik urtera, eta aurten «40 bat lagun prestatu dira, adimen urritasuna dutenak batzuk, familiakoak eta lagunak beste batzuk», Susana Velasco Atzegiko Familien laguntza zerbitzuko teknikariak adierazi duenez. Beasaingo Txolarten, boluntario lan horri buruz hitz egiteko bilkuratxoa egin dute, eta Susanarekin batera, bertan elkartu dira Marian Samaniego, Goretti Etxeberria, Hodei Barandiaran, Ana Telleria, Iñaki Rubio, Itziar Garcia, Igor Gerique, Cristina Aramendi, Igone Kortaberria eta Ana Fernandez; guztiak boluntarioak dira.
Boluntarioen elastikoa
Ehunmilak probek irauten duten hiru egunetan eta aurreko ostegunean (uztailaren 10etik 14ra) egingo dute lan Atzegiko boluntarioek aurten ere, taldetan eta txandatan banatuta. Pergoletako pilotalekua eta Mataderoko aparkalekua (Gipuzkoa plaza) egokitu zazkie berriz ere.
Beste ia 1.600 boluntarioak bezala, boluntario direla adierazten duen elastikoa jantzita egongo dira; «oraindik ez dakigu zein koloretakoa izango den» zioen irrikitan Cristinak, antolakuntzakoek kamisetak aurkeztu baino lehen –urdinak dira, mauka horidunak–.
Harrotasunez janzten dituzte boluntarioen kamisetak. Denak berdin janzteak, gainerako boluntarioak bezala, «talde bateko kide sentiarazten ditu, eta hori oso garrantzitsua da beraientzat» dio Goierriko Atzegiko kide den Goretti Etxeberriak.
Hodei Barandiaranek, Goretiren semeak, ezin izango du kamiseta jantzi, oraindik 14 urte dituelako eta ezin delako boluntario izan. Hala ere, lagundu egingo du, eta amaren ondoan egongo da ahal duen guztietan.
Cristinak (46 urte), aldiz, lan egingo du. Ostegunean hasiko da, aparkalekuan, eta ostiralean frontoian egongo da, «poltsak, edalontziak eta mapak banatzen». Igor (27 urte) ere frontoian egongo da, ostiralean; «Nik poltsak banatzen ditut, korrikalariek arropa gordetzeko. 3-4 urte dira lan egiten dudala». Iazko ekaitza ez du ahazteko idiazabaldar honek. Iñaki (52 urte) ere frontoian egongo da, «edalontziak banatzen», eta Igonek (40 urte) «aparkatzen lagunduko diet kotxeei, baina Pergolan ere egongo naiz, informazio orriak eta Goierriko Hitza banatzen, baita motxilan eramateko edalontziak ere». Anak (23 urte) azkenik, aparkalekuan egingo du lan larunbatean: «Hutsik dauden lekuak begiratzen ditugu, zenbat dauden kontatu, eta P pegatina daukatenei pasatzen utzi, bestela beste leku batera bidaltzen ditugu. Lan erraza da, jendeak errespetatzen du guk esaten dieguna eta nik oso gustura egiten dut lan hori».
Lanaren aitortza
Atzegikoek emandako trafiko argibideak errespetatzen dituztela dio Anak, eta hala da, «jendeak begirunez tratatzen ditu, geroz eta gehiago», Gorettiren arabera. Ehunmiletan lan egin zuten lehenengo urtetik hona gauzak aldatu egin direla eransten du, «jendeak geroz eta hobeto hartzen ditu, baloratu egiten dute egiten duten lana, eta askok beraiengana jotzen dute informazio eske, gainerako boluntarioengana bezala. Hain zuzen, horixe da nahi duguna, denak berdin tratatuak izatea. Alde horretatik, Ehunmilak, inklusiorako oso ona».