Aurten bai, aurten dena bete da
Hamar ediziotan lehen aldiz, Ehunmiletan parte hartzeko dortsal guztiak banatu dira. Mutilen iazko podiumeko hirurak irteeran izango dira. Nesken lehia irekiagoa dago.
Dortsal guztiak agortuta. Hori da Ehunmilak probaren X. edizioko albisterik aipagarriena. Ultra-trailaren historian lehen aldiz, lasterketan parte hartzeko gehienezko kirolari kopurua –515– elkartuko da ostiralean, hilaren 12an, Beasaingo Loinazko San Martin plazan, 18:00etan. 168 kilometro ibilbidea Gipuzkoako bost bailaratan barrena eta 11.000 metrotik gorako desnibel positiboa. Irimo, Erlo, Ernio, Aralar eta Aizkorri mendiak zeharkatu beharko dituzte, besteak beste.
Iazko ekaitzaren ondorioz, EHM proba Azpeitian neutralizatu behar izan zuen ostiral gauerdian, 52. kilometroan. Orduan lehen hiru postuetan zihoazen Javi Dominguez gasteiztarra, eta Jon Aizpuru eta Unai Dorronsoro beasaindarrak igo ziren igandean podiumera, eta hirurek errepikatuko dute aurten. Juan Romano, Felipe Artigue eta Adur Mendizabal zaldibiarra dira aurrean ibil daitezkeen beste lasterkariak.
Ewa Majer poloniarra eta Elena Calvillo beasaindarra, iazko lehen biak, ere irteeran izango dira. Sofia Smedmam suediarra eta Aby Zamora mexikarra dira, besteak beste, antolatzaileek aipatzen dituzten bi izen. Lehia irekia espero da emakumezkoetan. Hiruko 14 taldek ere parte hartuko dute.
515
mendi lasterkari. Ehunmilen 10. edizioa da dortsal guztiak agortu diren lehena –iaz 473 izan ziren–. 489 lasterkari gizonezkoak dira, eta 26 emakumezkoak –iaz 21 izan ziren–.
Euskal herritarrak. Euskal herritar kopuruak hazten segitzen du –225 gizonezko eta 8 emakumezko (iaz 192)–. Gipuzkoakoak dira 113, Bizkaikoak 72, Arabakoak 33 eta 15 Nafarroakoak.
Estatu mailakoak. Espainiako estatutik 234 korrikalari datoz –226 gizonezko eta 8 emakumezko (iaz 225)–. Herrialde Katalanetakoak dira gehienak, 86: Alacant (14), Bartzelona (30), Balear Uharteak (5), Castello (5), Girona (11), Lleida (3), Tarragona (5) eta Valentzia (18). Madril (30), Zaragoza (15), Malaga (12), eta Asturias eta Kantabria (9na) dira kopuruz nabarmentzekoak.
Estatuz kanpokoak. Guztira 48 izango dira–38 gizonezko eta 10 emakumezko (iaz 50)–. Suedia (14), Portugal (12), Frantzia (7), Alemania, Andorra, Polonia eta Mexiko (2na) eta Belgika, Ingalaterra, Uruguai, Brasil, Txina, Guatemala eta Japonia, bana.