Erromatarren eraikina Aralarren
Aiatzio-I eremuan bukatu dute indusketa arkeologikoa. Azaldutako harrizko aztarnak erromatarrak direla ziurtatu du foru aldundiak. Garaiko elementu gehiago agertu dira
Aralarko Aiatzio eremuan Kristo aurreko I. mendearen eta Kristo ondorengo I. mendearen artean datatutako harrizko eraikin bat industen bukatu dute. Erromatarren garaikoa da, eta egitura nahiz forma ez ditu arruntak: borobila edo laukizuzena izan gabe, oktogono itxura du.
EHUko irakasle eta arkeologo Jose Antonio Mujika beasaindarrak zuzendu ditu bi indusketa kanpaina, iaz eta aurten. Ekainaren 28an amaitu dute azkena; hiru astean, 15-20 laguneko taldea aritu da lanean. Iaz jada erromatar garaikoa zela ebatzi bazuten, aurten gehiago zehaztu dute datazioa. Ikatz eta zeramika zati dezente aurkitu dituzte, baita hur azalak ere erreta, eraikinaren sarreran kanpotik botata.
Bitxitasuna, oktogono formak eman dezake, eta oinarrirako erabilitako harri handiek (metro erdi kubokoak). Sarrera enbutu formakoa dauka, hasiera konikoa eta amaiera luzea duena. «Ez da egitura arrunta», dio Jose Antonio Mujikak. Hormen lodierak ere atentzioa eman dio adituari.
Elementu gehiago ere bai
Duela hamar-bat urte, Argarbiko trikuharriaren azpialdean erromatar garaiko beste bi txabola aurkitu zituen Mujikak eta bere taldeak, berriagoak haiek.
Burdinezko zenbait piezatxo azaleratu dira indusketan: oinetakoen iltzetxoak, eta fibula edo giltzaorratz edo katekorratz bat, oso zatitua eta hondatua. Errekarri ugari ere badira, zorroztarri edo leuntzaile modura erabiliak, baita eskuko errotarri bat ere. Sutarriak (silexa) eta terra sigillata zeramika mota erromatarraren hondarrak atera dira.
Bi urtetan industu duten eremua nahiko zabala da. Hormaren kanpoaldea 12 bat metro da. Barrualdea «garbi» topatu dute, eguneroko bizimoduko hondarrak eta hondakinak kanpora ateratzen zituzten seinale. Eraikinaren barruan, gainera, sakoneran jaitsi egiten da zerbait. Harriz estalia daude sarrera eta barruko eremu batzuk; sutarako soilunea eta beste bat ditu.
Gizakiaren asentamentu jarraituan, kronologikoki beste garai bat datatu dute Aiatzioko eraikinarekin. Handik bertan daude duela 6.000 urteko bi trikuharri (hilobitarako), 5.000 urteko txabola bat, eta 300-400 metroa errausketetarako harrespilak. Datorren urtean, eraikinaren barruan industuko dute.
Ausa Gaztelun indusketako oihala aldatuko dute
Indusketa arkeologikoekin zerikusia duen lan bat egingo du Arkeolan fundazioak Ausa Gaztelu mendian. Lehenagoko indusketa batean kokatutako eta erdi lurperatuta dagoen plastiko beltza kenduko dute. Horren ordez, geo-oihala jarriko dute. Zuloa lehengo lanetatik ateratako lurrarekin beteko dute. 15 bat eguneko lana da.