Geltokietako jaiak ospatuko dira asteburu honetan
Ostiral gauean kontzertua egongo da, aspaldiko partez. Larunbatean txirrista erraldoia jarriko dute ikastolako aldapan eta Hesian taldeak joko du.
Asteburu honetan geltokietako jaiak ospatuko dituzte Urretxun eta Zumarragan. Makina bat ekitaldi egongo da. Tartean, Hesian taldearen kontzertua. Gainera, egunero puzgarriak egongo dira eta ikastolako aldapan txirrista erraldoi bat jarriko dute.
Jaiak ostiralean hasiko dira, ur globoen guda batekin. Ekitaldi hau 17:45ean izango da, Pagoetako bidegurutzean. Ondoren, 18:00etan, dultzaineroak eta buruhandiak irtengo dira. 19:00etan bi ekitaldi egongo dira: Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearekin poteoa eta partxis txapelketa. Azken ekitaldi hori Txindoki kafetegiko plazan izango da.
21:30ean bertso afaria egingo dute Apain jatetxean. Amaia Iturriotz urretxuarrak, Iker Zubeldia zegamarrak eta Onintza Enbeita muxikarrak abestuko dute. Txartelak 12 euroan jarri dituzte salgai. Gaur da erosteko azken eguna.
Ondoren, 23:00etan, kontzertua egongo da Txindokiko plazan. Agresion Verbal eta Rush Blacka taldeek joko dute. Ostiraleko ekitaldiekin bukatzeko, 01:00etatik aurrera Joseto Ta Alayak elektrotxarangak auzoko kaleak alaituko ditu.
Larunbatean, 12:00etan, toka txapelketa jokatuko dute Domingo Mendiaratz plazan. Ordu berean, olinpiada hasiko da Txindokiko plazan. Ondoren, 13:00etan, Zumarragako musika bandak kalejira egingo du. 14:30ean paella dastaketa egongo da Domingo Mendiaratz plazan. Nahi duten guztiek paella jan ahal izango dute, baina mahaietan olinpiadan parte hartuko dutenak bakarrik eseri ahal izango dira.
“Festa batzordean gazte asko sartu
dira eta gaur egun, 25-30 lagun gara”
Alain Beltza (Festa batzordeko kidea)
Bazkalostean, 15:00etan, mus txapelketa jokatuko dute Hiru tabernan. 16:00etan bingoa egongo da Domingo Mendiaratzen. 16:30ean olinpiaden bigarren saioa jokatuko dute eta 17:00etan Matraka elektrotxarangak auzoko kaleetan joko du.
Ondoren, bi kontzertu egongo dira: 20:00etan Wood Strings taldeak Domingo Mendiaratzen joko du eta 22:45etik aurrera Chango Munks, Hesian eta Iratzar taldeek Txindokiko plazan joko dute. 07:00etan gaupasa egin dutenen trena auzoko kaleetan ibiliko da.
Bestalde, larunbatean 75 metroko ur txirrista erraldoi bat jarriko dute ikastolako aldapan. Nahi duten guztiek jaitsi ahal izango dute, 12:30etik 14:30era eta 16:00etatik 18:00etara.
Festak igandean bukatuko dira. 09:30ean diana joko dute. 12:00etan, berriz, mokadutxoa egingo dute Apain tabernan. Ondoren, 13:30ean, auzotarrek patata tortilla lehiaketan parte hartuko dute. Sari banaketa ekitaldia 14:00etan izango da.
Arratsaldean bi ekitaldi egongo dira. 17:30ean haurrek goitibeheretan ibiltzeko aukera edukiko dute. Aurtengo jaietako ekitaldiekin bukatzeko, 19:00etatik aurrera Legazpiko Alaitasuna errondailak auzoa girotuko du.
Alain Beltza Festa batzordeko kideak «aspaldiko partez» ostiral gauean kontzertua egongo dela azpimarratu du. Hesian taldearen kontzertua eta txirrista ere aipatzekoak direla uste du. «Txirrista ikastolako aldapan jarriko dugu, errepidean. Hori dela eta, trafikoa itxita egongo da. Taldeko batek iazko Ordiziako jaietan ikusi zuen eta ekartzea erabaki dugu». Aipatzekoa da ere olinpiada berreskuratu dutela.
Zumarragako eta Urretxuko geltokietako jaiek osasun ona dute. «Taldean 25-30 lagun gaude. Gazte asko sartu dira. Lan talde handiek gauza onak eta txarrak dituzte, baina horrenbeste jende edukitzeak festen etorkizuna bermatzen duela uste dut».