«Iazko arantza hori hor dago, proba perfektua izaten ari zen»
Ehunmilak proba gertutik ezagutzen du Unai Dorronsorok (Beasain, 1985). Duela bi urte 7. postuan bukatu zuen, eta iaz lehen hiruren artean zihoan, proba neutralizatu zutenean. Arantza hori atera nahi du aurten.
Annecyko ultr-atraila eta Rigloseko Traila irabazi, aurten sasoiko zatozela esan liteke.
Annecykoak (115 km) oihartzun gehiago izan du, baina niretzat ustekabeko handiagoa izan zen Riglosekoa (35 km), lasterketa motza zelako, eta niri ez zaizkidalako horren ondo ematen; ez naiz oso azkarra eta nahiago izaten ditut lasterketa luzeagoak. Agian ez zegoen beste lasterketa batzuetan adinako mailarik, baina egia da irabazteak beti ematen dizula poztasun bat eta aurrera jarraitzeko indarra.
Entrenamendu aldetik eta, gustura al zaude egindako lanarekin? Gorputzaldi onarekin iritsi al zara?
Urtetik urtera hobetu nahi izaten dugu, eta aurten uste dut iaz garai honetan baino hobetoxeago nagoela, eta Annecyko lasterketa irabazi eta gero, esaten diozu zure buruari: ‘ba bai, ondo nago’. Egia da egun batzuetan entrenatzera joan eta agian ez zarela horren ondo sentitzen, gora behera horiek izaten dira, baina orokorrean nahiko ondo nagoela esango nuke.
Gero lasterketaren egunean mila gauza gerta daitezke. Garrantzitsuena azken hamar egunetan ondo deskantsatzea da; bestela segituan nabaritzen da. Orain arte egin beharreko lanak egin ditut, eta lasai hartzea gelditzen da orain.
Bezperako nerbioak-eta, zer moduz eramaten dituzu?
Egia esanda, ondo. Bai iaz eta baita aurten ere, Ehunmilak iristeko gogoz nago. Duela bi urte zazpigarren egin nuen, iaz ere hor nenbilen, podiumerako borrokan, eta nire buruari presio hori jartzen nion. Orain pare bat hilabete nabaritzen nuen estutasun hori, baina Annecyko lasterketa irabazteak presioa kendu dit. Jendeak esaten dit, ‘orain Ehunmilak irabaztera’, baina nik ez dut horrela ikusten; nire buruari erakutsi diot lasterketa handi bat irabazteko gai naizela, eta Ehunmiletan nire lasterketa egitera aterako naiz. Askoz lasaiago noa eta gogotsu nago.
«Annecyko lasterketa
irabazteak presioa kendu dit,
askoz lasaiago noa orain»«Beti saiatzen naiz hobetzen,
baina gehiago aurreko urteko
lasterketari begira, postuari baino»«Edozein lasterketatan ez dituzu
1.500 boluntario antolaketan,
eta hori nabaritu egiten da»
Iazko arantza atera nahiko duzu aurten.
Arantza hori hor dago bai. Azkenean hilabete asko pasatzen dituzu lasterketa hori prestatzen, eta proban oso gustura nindoan, Jon Aizpururekin batera; lagunak gara eta elkarrekin egin genituen aurreneko 53 kilometroak, bata besteari laguntzen. Nire helburua, momentu horretan, laugarrenari ahalik eta tarterik handiena ateratzea zen. Banekien lehenago edo beranduago Jonek aurrera egingo zuela eta ni bakarrik geldituko nintzela, eta puntu horretan, laugarrenari ordu erditik gorako tartea aterata, beste lasterketa bat hasten zen niretzat.
Eta orduantxe etorri zen proba neutralizatzeko erabakia.
Fresko nentorren, gustura, lasterketa perfektua izaten ari zen niretzat. Pena handia hartu nuen, baina denok ulertu genuen erabakia, une hartan hartu beharrekoa zen.
Urtez urte hobetzeko helburua aipatu duzu, baina postuari edo denborari begira, ba al duzu helburu zehatzik?
Urtetik urtera saiatzen naiz hobetzen, baina gehiago aurreko urteko lasterketari edo marka pertsonalari begira, postuari baino. Ez dakit zein aterako den lasterketan, ez nola entrenatu duten ere. Urtez urte jende gehiago apuntatzen da eta maila altuagoa da. Orduan, postu aldetik ez diot nire buruari inongo helbururik jartzen. Orain hiru urte aurreneko aldiz parte hartu nuenean, nire helburua bukatzea zen, eta ahal zela Aizkorri egunez pasatzea. Orain bi urte 28 ordutik jaisten saiatu nintzen, eta iaz, 24 orduren inguruan ibiltzen. Iaz azkenean ezin izan nuen lasterketa bukatu, eta aurten helburu polita izango litzateke 24 ordu horietatik jaistea. Norbere marka hobetzea da kontua gehiago, postua baino. Askotan 5. postu batek gehiago bete zaitzake 2. egiteak baino. Oso erlatiboa da.
Ordulariari begira joatekoa al zara? Ala gehiago sentsazioei?
Normalean ordularirik gabe ateratzen naiz. Ezagutzen ez ditudan ibilbideetan-eta erabili izan dut, puntu batetik bestera arteko denborak neurtzen joateko, eta plangintzaren arabera ondo noan edo ez jakiteko. Horrelako lasterketa bat zatitu egin behar duzu, helburu txikiak markatu, eta horrela errazagoa egiten da.
Eta eguraldiari dagokionean? Zer duzu nahiago?
Beroa ez zait sekula gustatu, nahiago dut hotza. Baina duela bi urte dezenteko beroa egin zuen, hezetasun handiarekin, eta ondo eraman nuen. Baina berez nahiago dut hotza edo freskoa, baina ahal dela ateri.
Nazioarteko hainbat probatan aritu zara. Haiekin alderatuta, zein berezitasun ikusten diozu Ehunmilak probari?
Edozein lasterketatan ez dituzu 1.500 boluntario antolaketa lanetan, eta hori nabaritu egiten da, dortsala jasotzera joaten zarenetik hasi eta helmugaraino. Jende asko ikusten duzu leku guztietan, bai lanean, anoa postuetan eta baita animatzen ere. Antolaketa aldetik ikaragarria da. Aralarren esaterako, hura mendikate bat da, baina Arrastaka taldekoak hor egoten dira kanpin dendekin. Edo goizeko lauretan, baso batetik irten eta jendea zure izenez animatzen: ‘Aupa Unai!’. Hori izugarria da, eta ez da beste inon ikusten.