Josu Bujanda beasaindarra, Ertzaintzaren buru
Bujandak 58 urte ditu eta 36 daramatza Ertzaintzan. Aurretik, Herritarren Babeserako Atalaren burua izan da. Jorge Aldekoak utzitako lekua beteko du.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Josu Bujanda (Beasain, 1961) izendatu du Ertzaintzaren buru; Jorge Aldekoak utzitako tokia beteko du. Superintendentea eta Herritarren Babeserako Atalaren burua izan da orain arte.
Ertzaintzan 36 urteko ibilbidea egin du Bujandak. 1983an hasi zen Arkauteko akademian, eta Ertzaintzaren 3. promozioan graduatu zen. Hainbat destino eta kargu ezberdinetan aritu izan da. Zumarragako Ertzain Etxean hasi zen lanean, eta 14 urtez aritu zen bertan. Geroztik, Ertzaintzako Ikuskapen Buruzagitzan, Gipuzkoako Lurralde Buruzagitzan, Ertzaintzako Babes eta Esku-hartzeen Buruzagitzan ere aritu izan da.
Bujandarekin batera, Alfontso Garaikoetxea (Herritarren Babeserako Ataleko buru), Jose Maria Iurrebaso (Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Ataleko buru) izendatu dituzte.