Milan hirirako 250 autobus elektriko egingo ditu CAF Taldeko Solaris enpresak
192 milioi euro inguruko kontratua da. Lehenengo 40 autobusak 2020ko ekainerako bukatu beharko dituzte.
Italiako Milan hiriko ATM Milano garraio-operadoreak diesel-autobus guztiak kentzeko helburua jarri du 2030. urtera begira. Horien ordez, 250 autobus elektriko jarriko ditu eta CAF Taldeko Solaris enpresari esleitu diote lehiaketa. 192 milioi euro inguruko kontratua da eta 40 autobuseko lehen lotea 2020ko ekainean entregatzen hasiko direla aurrez ikusi dute. CAFen esanetan, “proiektu horri esker, Solarisek autobus elektrikoen segmentuan Europako lider gisa duen posizioa sendotu du. Solarisek orain arte lortu duen kontratu handienetako bat eta Europa mailan autobus elektrikoak fabrikatzeko proiektu handiena”.
Milanek aukeratutako ibilgailua Urbino 12 elektrikoa da. “Horixe da Solarisen produktu ezagunena eta Europako 17 herrialdetako dozenaka hiritan topa dezakegu. Bistakoa den moduan, horrek agerian uzten du garraio arloko agintariek ibilgailuan jarritako konfiantza. Horrekin lotuta, modelo horrek, hain zuzen ere, 2017an autobusen industria arloko sari entzutetsuena jaso zuen: Bus of the Year 2017 saria”.
2018ko irailean erosi zuen CAF Taldeak Solaris enpresa. Poloniako autobus- fabrikatzaileak 450 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa izan zuen 2018. urtearen itxieran eta, ekitaldi hartan, 1.226 ibilgailu hornitu zituen.