Osasuntsu beteko ditu urteak
Dortsal guztiak agortuta jokatuko dira aurten Ehunmilak ultra-traileko hiru lasterketak .Iazko erabakiak antolatzaileen heldutasuna nabarmendu du, 10. urteurrenaren atarian
Aralar eta Aizkorri-Aratz natur parkeak eta Gipuzkoako 30 herri zeharkatzen dituen Ehunmilak ultra-trailaren 10. edizioa jokatuko da uztailaren 12tik 14ra. Orain bi urtekoa «trilogia jendetsuena» zela ahoz gora zabaldu zuten antolatzaileek, eta aurtengoa, berriz, errekorren urtea dela nabarmendu dute. Hiru probak batuta, 1.295 mendi-lasterkarik parte hartuko dute aurten, inoiz baino gehiagok, kopuruz mugara iritsita. Boluntario kopuruak 1.600 lagunen langa ere gaindituko du hamargarrenean.
Hiru probek mendi korrikalarien artean duten tiradizoa handia da. Izena emateko modua aldatu zutela iragarri zuten antolatzaileek, eta hala egin zuten iazko udazkenean. Rockthesport plataformaren webgunearen bidez zabaldu zen azaroaren 8an izena emateko epea, eta jasotako erantzuna apartekoa izan zen. Goierriko 2 Handiak (G2H) probarako dortsal guztiak ordu erdian amaitu ziren, eta Marimurumendi mendi maratoikoak (MMM) ordubetean. Ehunmilak probakoak (EHM) otsailaren 19an agortu ziren.
Heldutasunera osasuntsu
Inoiz gertatu gabea gertatu da aurten: dortsal guztiak agortzea. Eta datu hori zerbaiten seinale da. Eguraldi baldintza okerren ondorioz, EHM eta G2H probak bertan behera uztea erabaki zuten iaz antolatzaileek, lehena Azpeitian, bigarrena Larraitzen. Heldutasunez eta arduraz hartutako erabakia izan zen, eta beroaldian hainbat korrikalariri ulergaitza egingo bazitzaion ere, bete-betean asmatu zuten, ikuskizunaren gainetik baitago korrikalari eta boluntarioen segurtasuna.
Eta zer esan ondorengo ebakuazioaz. Bikaina izan zela. Bi orduan mendian sakabanatuta zeuden 900 korrikalari Beasaingo Antzizar kiroldegian biltzea lortu zuten, eta larunbat eguerdirako finisher elastikoak banatzen ari ziren Loinazko San Martin plazan. Aurten ere, Mont Blanceko Ultra-trailerako puntuagarria izango da –EHM bukatzeagatik 6 puntu eta G2H bukatzeagatik 4–, baita AEBetako Hard Rock ultrarako ere.
MariMurumendi, ordubete aurreratuta
Aurtengo berritasunetako bat Marimurumendi mendi maratoiaren irteera ordubetez aurreratu dutela da, bero gehieneko orduak saiheste aldera. Bukatzeko bi dei: ibilbidean komisarioek material kontrola egingo dutela bata, eta ingurumena zaindu eta errespetatzeko bestea.
Hiru egun, hiru lasterketa
Ehunmilak
· Kilometroak. 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibel positiboa.
· Partaideak. 515 (beteta). Emakumezkoak 26.
· Irteera-helmuga. Ostiralean, 18:00etan. Lehen korrikalaria larunbatean, 16:00-17:00ak aldean, iritsiko da helmugara. 48 ordu dituzte lasterketa amaitzeko.Goierriko bi handiak
· Kilometroak. 88 kilometro eta 6.500 metroko desnibel positiboa.
· Partaideak. 515 (beteta). Emakumezkoak 41.
· Irteera-helmuga. Ostiralean, 23:00etan atera, eta lehena larunbatean, 09:00ak aldera iristea aurreikusten da. 22 orduko epea dute lasterketa amaitzeko.
Marimurumendi
· Kilometroak. 42 kilometro eta 2.300-ko desnibel positiboa.
· Partaideak. 265 (beteta). Emakumezkoak 49.
· Irteera-helmuga. Igandean, 08:00etan abiatuta. Lehena helmugan 11:30ak aldera iritsiko da.