«Semearen Ugandako proiektua laguntzeko egiten ditut panpinak»
Nuñezek (Legazpi, 1961) eskulanak gogoko ditu, areago hariak tartean badira. Santikutz egoitzako sukaldaria da eta familia-zaintzan ere ari da. Aisialdian egiten ditu eskulanak.
Gustuko duzu hariekin aritzea, ezta?
Bai, betidanik gustatu izan zait. Jantzigintzan aritu naiz, beti oihalekin, beti josten…
Egiten dituzun panpinena harago doa.
Bai. Eder semeak eta bere neska-lagunak gobernuz kanpoko erakunde bat sortu dute, Cheer Up Uganda izena du. Ugandara joan ziren bidaian eta han ikusitakoek sakon ukitu zituen. Haurren egoitza baten inguruan ibili ziren, 70 bat ume eta bikotekiderik gabeko ama talde bat; umeak abandonatutakoak ziren. Egoera ikusita, erakundea sortu dute eta eskolarekin batera proiektuak sortu dituzte umeen eskolara joateko eskubidea bermatzeko. Bide batez, amek eskola ordaintzeko hartzen dituzten zorrak kitatzeko lanean ari dira.
Testuingurua hori izanda, non sartzen dira eszenan zuk egiten dituzun panpinak?
Ugandan egiten ari diren proiektuak diruz laguntzeko hainbat ekintza burutu dituzte. Kontzertuak egin dituzte, paella jan solidarioak ere bai… Nik semearen proiektuari laguntzeko egiten ditut panpinak.
Salgai jarri dituzu?
Ez zehazki. Panpina bakoitzak karteltxo bat dauka. Txartelak ateratzen ditut, 2 euroko prezioan eros daiteke txartel bakoitza eta 50 txartel egiten ditut panpina bakoitzeko. 100 euro jasotzen ditut panpinako. Gurean ez da diru asko, baina Ugandan dirutza da.
Noiz hasi zinen panpinak egiten?
Gabonetan hamar atera nituen eta orduz geroztik beste sei egin ditut. Legazpiko hainbat dendatan egon dira eta eraman ez ditudan tokietan panpinak edukitzeko gogoz geratu direla esan didate.
«Oraingoz ez daukat bilobarik, baina
Ugandan 70 ditudala sentitzen dut»
Txartel sistema horrekin gero zer egiten duzu? Zozketa?
Bai, txartelak erosi dituzten guztien artean zozketa egin eta irabazleak panpina eramaten du. Bada, hala ere, panpina bat erosi nahi duela esan didan emakume bat eta harentzat bat egingo dut zozketarik egin gabe. Orain artean egin ditudan panpina guztietako txartelak saldu ditugu.
Zenbat denbora behar duzu halako panpina bat egiteko?
Zaila da neurtzea. Santikutz egoitzan sukaldari nabil, eta aitak alzheimerra du eta hura zaintzen dut; geratzen zaidan denbora tarteetan egiten ditut, panpina bat osatzeko bi aste eta erdi behar ditut gutxi gorabehera. Alabaina, eskulanak hain gustuko ditudanez gogotsu aritzen naiz; are, batzuetan hasi eta ezin diot josteari utzi.
Panpinetan detaile txikiena ere zaintzen duzu. Koloreak, azpikogonak, betaurrekoak…
Bai. Kotoia erabiltzen dut barruko aldea egiteko, oihalak azpikogonak osatzeko eta arropak artilezko hariekin josten ditut; begiak eta ahoa brodatzen ditut eta belarritakoek arropekin ongi jo dezatela saiatzen naiz.
Arropa diseinuak ere egiten dituzu beraz.
Bai, gustuko dudan lana da eta ahalegintzen naiz harik eta politen gera daitezen.
Semeak gobernuz kanpoko erakundea sortu aurretik ba al zenekien zer edo zer Ugandari buruz?
Ezer ere ez. Orain semearen begietatik ikusten dut Afrikako herrialde hori eta benetan latza da, hango eskola hartan harriak jarrita zituzten eskailera mailen ordez eskolako atean. Orain, eskailera mailak egin dituzte eta aurrera pausoa izan da, pentsa, zeinen gutxi den eta nolako aurrera pausoa den han.
Panpinak egiten segitzeko asmoa daukazu?
Bai, zalantzarik gabe. Datozen Gabonetarako hainbat egin nahi ditut eta panpinak zozkatuko ditugu sistema berbera erabilita. Ugandako ume haiei lagundu behar diegu ahal dugun neurrian. Nik, oraingoz, ez daukat bilobarik, baina Ugandako proiektu honen bitartez dagoeneko 70 biloba ditudala sentitzen dut eta haien ongizatearen alde nire aletxoa, panpinak lagun, jartzen jarraitzeko asmoa daukat.