Uztailaren 19an izango da boxeoarekin hitzordua Beti Alai pilotalekuan
Profesional mailako bi borrokaldi eta amateur mailako sei antolatu dituzte. Emakumeen bi borrokaldi ere ikusi ahalko dira Ordizian. Sarrerak 15 euroren truke jarriko dituzte salgai
Ordiziako Santa Ana festak gainean dira eta egun horietako agendan ohikoa den bezala, aurten ere boxeo gaua antolatu du Boxing Ciclo Club taldeak. Fran Mendoza kolonbiarra Ordiziako ring-era igoko da berriro. Uztailaren 19an izango da, Beti Alai pilotalekuan. Sarrerak 15 euro balio du.
Duela urtebete debutatu zuen Gasteizen bizi den kolonbiarrak. Ordizian izan zen eta horregatik «ilusio berezia» du Goierrira bueltatzeko. «Debuta oso gogoan dut» esan du, «oso ondo hartu ninduten eta pilotalekuko giroa itzela izan zen, oso berezia izan zen niretzako eta ez dut sekula ahaztuko», adierazi du 22 urteko boxeolari gazteak.
Ordiziako boxeoaren zaletuek ziurrenik gogoratuko dute egun hura. Edwin Barreraren aurka neurtu zituen indarrak eta bi asaltotan hirutan bota zuen lurrera, ezin altxatu gelditu zen arte. «Forma fisiko oso onean zegoen Barrera eta teknikoki ere oso ona da».
Pasa den urteko egun hartatik, bost borrokaldi egin ditu profesional mailan, eta bostak irabazi ditu. Azkena maiatzean izan zen, Gasteizko Judimendi kiroldegian, non esperientzia handiko gizon bat garaitu zuen. Hiru round-etan, KO teknikoz lortu zuen garaipena, Dionis Martinez venezolarraren kontra.
Uztailaren 19an Eddy Lopez de Roca ekuadortarra izango du aurrez aurre. Oilar pixuan daude, nahiz eta Lopez altuagoa den. Bata distantzia motzean saiatuko da, eta distantzia luzeetan, berriz, bestea. Hiru minutuko sei asalto izango dituzte.
Mendozaren eta Lopezen borrokaldiaz gain, profesional mailako bigarren bat ere izango da. 21 urteko Jon Jader (Euskobox-Elite Sport) bilbotarrak profesional mailara egingo du salto. Walker pisuan aritzen da. Amateur mailan 100dik gora borrokaldi egin ditu eta palmares bikaina du. Lau urte daramatza Espainiako selekzioan. Europako hiru txapelketa jokatu ditu, baita mundu mailako txapelketa bat ere. Espainiako txapeldun eta txapeldun orde izan da, eta indar handiarekin etorriko da Ordiziara. Castellon bizi den 27 urteko Nelson Altamirano nikaraguarra izango du aurkari. Hiru minutuko lau asalto izango dituzte aurretik. Pisaketak hilaren 18an egingo dituzte.
Emakumeen bi borroka
Profesionalez gain, amateur mailako sei borrokaldi ere egingo dituzte. Horiekin hasiko da gainera boxeo gaua. Euskal Herriko eta Kataluniako boxeolariak arituko dira. Sei borroketatik, bi emakumezkoenak izango dira.