«Artea barruak askatzeko eta adierazpen gisa baliagarria zait»
Juan Kruz ile-apaindegian pintura erakusketa jarri du Valhondok (Legazpi, 1991). Ile-apaindegia arte erakusleiho bihurtu zutela 10 urte dira eta artista legazpiarren lanak aurkezten ari dira soilik.
Nolatan lotu zinen pinturara?
Umea nintzenetik marraztu dut. Institutua amaitu eta Arte Ederrak ikastera joan nintzen Bilbora. Ondoren, arte munduarekin lotutako ikasketa gehiago egin ditut Madrilen eta Bilbon, hala nola komisariotza, dekorazioa eta zine zein telebista jantzitegi masterra. Ibilbide horretan marrazten jarraitu dut ahal izan dudan neurrian, eta lanean nagoenetik, zaletasun gisa eutsi diot bizimodua artetik ateratzea ez baita batere erraza.
Arteari lotutako lanbidea duzu?
Kulturari lotutakoa bai. Kultur-bitartekari lanetan ari naiz Donostiako Koldo Mitxelenako erakusketa aretoan; bisitak gidatzen ditugu eta tailerrak egiten ditugu. Finean, erakusketetara datozenen eta artearen arteko zubia gara. Tabakalerako Artegunean ere banabil, tarteka. Kulturari lotutako lanak dira. Zail-zaila da hor bidea egitea, baina sartu naiz eta orain esparru horretan nabil lanean.
Juan Kruz ile-apaindegian jarri duzun erakusketa egiten duzun lehenengoa da?
Ez. Orain bi urte Legazpiko Kultur Etxean erakusketa ireki nuen. Egiten dudan lana ezagutarazi nahi nuen, eta ongi atera zen, Legazpin bertan erakusketa irekitzea lotsa pixka bat ematen zidan arren. Hura izan zen nire lan guztiak areto batean eskegita ikusi nituen lehenengo aldia.
Gorkak [Salmeron] edota Juan Kruzek ikusi zuten eta hargatik deitu zidaten erakusketa hau egiteko; ez nuen zalantzarik egin. Nik ez nekien ile-apaindegian halakorik egiten zutenik, gizonezkoen ile-apaindegia da eta sartu gabe nengoen.
Nolako margolanak ikus ditzakete legazpiarrek ikusgai dagoen bilduman?
Egin ditudan azken lanak ekarri ditut, baita duela bi urteko erakusketan jarri nituen batzuk ere. Aurpegiak dira nagusi. Halaber, eraikinen ilustrazioak daude, ama birjina batzuk karreran egindako erretaula batzuen zati direnak… Azken aldian bolalumaz panpina modukoak marrazten ditut; aurpegi errealistak dituzten arren, gorputzak ez dira batere errealistak.
Nolakoa da zure estiloa?
Galdera zaila da. Niri gehien aurpegiak interesatzen zaizkit. Aurpegiak formatu handian margotzen ditut, keinuak,. argia, itzala… Horrekin guztiarekin jolasten dut. Bolalumak, olio-margoak eta errotulagailuak erabiltzen ditut, batik bat. Umorea gustuko dut, eta irudi dibertigarriak ere pintatzen ditut; ama birjinak ildo horretatik doaz. Lan batzuk ilustraziotik hurbilago daude besteak baino.
Eta koloreak?
Koadroetan antzeko koloreak erabiltzen ditut beti: zuria, azal kolorea eta bere aldaerak. Kolore argiak ditut gustuko. Erakusketan salbuespenik badago, baina nire lanean ohikoenak kolore argiak dira. Ilustraziotik hurbil dauden lanetan bestelako koloreak erabiltzen ditut baita ere.
Zergatik aurpegiak?
Ez dakit zergatik. Betidanik margotu ditut aurpegiak. Garai batean hamaika autorretratu egin nituen nire aurpegiaz nekatzeraino [erakusketan ikus daitezkeen margolan askoan bere aurpegia ageri da]. Orduan beste batzuen aurpegiak pintatzeari ekin nion, lagunei argazki asko ateratzen dizkiet gero haien aurpegiak margotzeko. Nik uste, bakoitzak ideia finkoren bat edo beste baduela, eta hura beti ateratzen dela handik edo hemendik.
Azkenaldian bolalumaz ari zarela esan duzu.
Denbora-pasa gisa hasi nintzen laneko tarteetan. Lankidea margotzen nuen. Aurpegiak koaderno batean marraztu, moztu eta beste zuri kolore tonu bateko koadernoan itsasten ditut, gero han gorputzak marrazteko. Frogak egiten beti ateratzen da merezi duen zer edo zer; oso pozik nago lan horiekin.
Emakumezkoen ala gizonezkoen aurpegiak?
Emakumezkoenak gehiago gustatzen zaizkit, politagoak gara, borobilagoak dira gure aurpegiak. Alabaina, gizonezkoak ere egiten ditut.
Zergatik margotzen duzu?
Artea barruak askatzeko eta adierazpen gisa baliagarria zait. Terapia egiteko modu bat da. Adibidez, Madrilen bizi nintzenean hiriak gainezka egiten zidan eta eraikinak margotzen nituen betekada hura askatzeko.
Bestetik, pinturak plazera ematen dit, margotzea da egitea gehien gustatzen zaidana, eta bizimodua hortik ateratzea zaila bada ere, nire lanbidearekin uztartu ahal izatea nahiko nuke eta horren bila nabil, zeren ez baitut uste inoiz margotzeari utziko diodanik.
Noiz arte dago ikusgai zure erakusketa ile-apaindegian?
Abuztu amaierara arte. Jendea ikustera joan dadila animatu nahi dut; ez dago zertan ilea moztera joan behar. Juan Kruzena bezalako negozio txiki batean arteaz arduratzea eta gugana jotzea itzela dela deritzot.