Gauak argi berezia du
Ordu erdi eskasean agortu dira aurten G2Hko dortsalak. Dani Agirrek laugarren urtez jarraian parte hartuko du. Uxue Fraile da emakumezkoen iazko podiumeko bakarra.
Ehunmilak ultra-trailaren antolatzaileak harrituta gelditu ziren lehen edizioan. Gauza bitxia gertatu zen. EHMn 261n abiatu ziren, eta G2Hn 109 soilik. Bigarrenean ere joera errepikatu zen (EHMn 235 eta G2Hn 180), eta hirugarrenean irauli (EHMn 193 eta 302 G2Hn). Harrezkero korrikalarien artean estimu handia duen lasterketa batean bihurtu da Goierriko traila, eta azken lau edizioetan konturatzerako geratu dira antolatzaileak dortsalik gabe. Aurten sekulako baino azkarrago, ordu erdi eskasean.
Proba nagusiak duen luzera, gogortasuna eta epika kutsua gutxietsi gabe, Goierriko Bi Handiak lasterketak badu aparteko xarma. Abiera 23:00etan du Beasainen, helmugaratzen diren lehen lasterkariek gauez zeharkatzen dituzte Aralar eta Aizkorri, eta goizerako bueltan dira, 88 kilometro egin eta 6.000 metroko desnibel positiboa gaindituta.
Iazko podiumei begiratua
Larraizko kontrol gunean gerarazi zituzten korrikalariak iaz, 19. kilometroan. Ausa-Gaztelura bidean harrapatu zituen asko, mendian, eta Zaldibiako anoa-gunetik abiatu ez zirenak ere mordoxka bat izan ziren. Mutiletan hiruko taldetxo bat zihoan buruan, eta hiruko bera Beasainen izango da aurten ere: Raul Macarro, Alvaro Ramos eta Dani Agirre –bitan irabazia eta errekorraren jabea–. G2Hko podiuma zapaldutako Ion Azpiroz berastegiarra bueltan da aurten.
Lasterketa irekiago dago nesketan. Uxue Fraile donostiarra da iazko podiumetik errepikatuko duen bakarra. Laura Boix, Davinia Corrales eta Amaia Larreategi beasaindarra ere hautagai dira.
515
mendi lasterkari. Azken lau urteetan bezalaxe, aurtengoan ere dortsal guztiak agortu ditu Goierriko 2 Handiak probak. 474 gizonezkoak dira, eta 41 emakumezkoak, iaz baino hiru gehiago.
Euskal herritarrak. Euskal herritarrak dira Goierriko 2 Handiak proban parte hartuko dutenenen laurdenak –370 gizonezko, 29 emakumezko–. Gehienak Gipuzkoakoak dira, 244, Bizkaikoak 81, Arabakoak 53 eta 21 Nafarroakoak.
Estatu mailakoak. Espainiako estatukoak 108 korrikalari dira, iaz baino 24 gehiago –100 gizonezko eta 8 emakumezko–. EHMn bezala, Herrialde Katalanetakoak dira gehienak: 51 – Alacant (16), Bartzelona (13), Castello (6), Balear Uhartea eta Tarragona (4na), Lleida eta Valentzia (3na), Castello (4), Valentzia (3), Balear Uharteak (2) eta Girona (2)–. Madrildik 10 korrikalari datoz.
Estatuz kanpokoak. 8 Guztira –4na gizonezko eta emakumezko–. Suediatik 6 (3 na)–, eta Reunion Uhartetik bana.