Martinezen hiru erraldoi txikiak
Zozomikoteren, Errepuierrearen eta Kofradearen erraldoi txikiak egin ditu Mari Tere Martinez ordiziarrak. Herriari dohaintzan eman dizkio, herriko txikienek haiekin disfrutatzeko asmo onenarekin.
Atzera kontaketa hasi da. Egun gutxi barru botako dute Ordiziako Santa Ana festetako hasierako suziria. Koloreetako alkandorak, santanazaleak, udal agintarien dantza, danborradak edo goizaldeko danborrada dira festetako klasikoak. Baina aurten izango da beste berrikuntzaren bat. Bisitari berriak izango dituzte, Ordizian gelditzeko asmoa dutenak. Gaur egun hain ohikoa den sare sozialetan zintzilikatu dute jaietan Ordizian ateratzeko asmoa dutela.
Donostian bizi bada ere, Ordizian du burua eta bihotza Mari Tere Martinezek. Artista da, eta baita saltsera ere. Pixka bat zirikatuta, geldi egon ezin den horietakoa denez, hiru erraldoi berri egin ditu. «Aspalditik gustuko ditut arteari lotuta dauden diziplinak, pintura eta eskultura besteak beste», kontatu du Martinezek. Hark egindako artelanekin, erakusketak ere prestatu ditu: «Ondo oroitzen badut bost erakusketa izan dira. Txotxongiloak, margolanak, eskulturak eta bestelako lanak jarri ditut ikusgai».
Azkeneko urteetan egin dituen lanen tamaina «pixkana-pixkana handitzen» joan da: azken lanak «erraldoi txikiak» izan dira. Baina ez da lehen aldia horrelako lanak egiten dituela, «beste erraldoi txiki eta buruhandiak ere egin» izan baititu. Oraingo honetan, hiru dira pertsonaia berriak. 2 metro 30 zentrimetro inguru dituzte eta haurrek eramateko modukoak dira.
Herriko pertsonaiak
Kaldereroen festaren harira, Zozomikote pertsonaia bihurria sortu zuen Agustin Domaikak. 2014. urtean festari indarra eman nahian, Domaika Martinezekin jarri zen harremanetan. Kontatu zion Patxi Zubizarretak, pertsonaia horren istorioa idatzi zuela: «Zozomikote alprojak, lamiari orrazia lapurtu, hartzaren buztana bufanda bezala jantzi eta ordiziarrei denbora lapurtu eta horrelako gaiztakeriak egiten zituela kontatzen ditu Zubizarretak idatzitako istorioak». Domaikak, Kaldereroetan kalera ateratzeko irudi bat egin zezakeen galdetu zion Martinezi, eta emakumeak «oso pozik» kolaboratu zuen.
Aurten, berriz, urrezko Zozomikotea eman dute. Orduan ere, laguntzeko pozik agertu zen Martinez. «Xabier Arañak egin zuen Zozomikotearen marrazkitik abiatuta, urrezko Zozomikotea diseinatu nuen». «Zaletasunagatik» egiten duela dio, eta zaletasun horrek azken egunotan albiste izan diren erraldoiak sortzera eraman du. Horietako bat Zozomikotea da. Zubizarretaren istorioan deskribatutako elementu guztiak ditu, «erlojua, hartzaren buztana eta lamiaren orrazia».
Zozomikotearen erraldoi txikia eginda, Domaikak berriro ere Martinez zirikatu zuen: «Galdetu zidan ea errepuierrea, kaldereroen amaieran erre ohi den irudia alegia, erraldoi txiki egingo ote nuen». Zozomikotea baino era sinpleagoan irudikatu du.
Kofradearen erraldoia
Kaldereroen festarekin lotuta dauden bi erraldoi txikiez gain, hirugarren bat ere egin du ordiziarrak. «Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak herrian duen garrantzia kontutan hartuta, erraldoi txiki bat eskaintzea pentsatu nuen». Kofradeen elementu guztiak dauzka: alkandora beltza, txapela, domina eta intsigniak.
Hiru erraldoiak bukatuta, dohaintzan eman dizkio Ordiziari. «Haurrek erraldoi berriekin ondo pasatzea da gehien nahi dudana», nabarmendu du. Azkenik, lan hauek egiten «asko disfrutatu» duela esan du, bera «ordiziar sentitzen» baita, eta aspalditik Donostian bizi bada ere, jaioterriarekin mantentzen duen lotura «oso estua» da. Ordiziako Santa Ana jaiak datorren astean hasiko dira. Hiru erraldoi txiki berriek lehenengo festak izango dituzte, baina gelditzeko etorri dira eta herritarrek ezagutuko dituzte poliki-poliki.