'Desio izeneko tranbia' obra estreinatuko du Urrup taldeak
Datorren asteko ostegunean taularatuko du Ordiziako Urrup Antzerki Taldeak azken antzezlana. Obra hori prestatzea «erronka handia» izan dela esan dute. Tenesse Williansek 1947an idatzitako obra izan arren, "gaur egun gerta daitekeen istorio bat ere" bada.
Herri Antzokiko argiak itzaldu, isiltasuna eskatu eta teloia igoko du beste behin ere Urrup antzerki taldeak, Tenesse Williamsek idatzitako Desio izeneko tranbia antzezlanarekin oraingoan Santa Ana festen atarian estreinatuko dute obra. Antzezlanean parte hartuko duten antzezleak «ilusio handiarekin» agertu dira prentsaurrean, lan berriaren nondik norakoak aurkezteko.
Urrup antzerki taldeak 25 urte baino gehiago daramatza lanean eta urtero obra berri bat estreinatzen saiatzen dira. Aurten 1947. urtean idatzitako eta urtebete ondoren Pulitzer saria jaso zuen Desio izeneko tranbia obra antzeztuko dute, Rosa Rojoren zuzendaritzapean. Elia Kazanek, zinemara eraman zuenean mundu mailako ospea hartu zuen. Marlon Brando eta Vivian Leigh aktore ezagunek interpretatu zituzten pertsonaia nagusiak.
Pertsonaia «oso errealak»
Beste behin ere, Urrup antzerki taldekoek «erronka handi» bat dute aurretik. Orain arteko lanak ondo eginda, datorren asteko ostegunean estreinatuko dute, Blanche pertsonaiaren inguruan eraikitzen den istorioa. Gorka Lariz taldeko kideak adierazi duenez, «guztientzat istorio oso ezaguna da, baina aktore bakoitzak bere erara eraiki du pertsonaia». Obrak kontatzen duenaren inguruan hitzegin du Larizek: «Istorio korapilotsu ba- tetik ihesi dabil Blanche. Txikitako etxea galdu eta gero New Orleansera doa Stella ahizpa eta Stanley koinata bisitatzera. Baina bisita horrek hainbat gatazka sortuko ditu bikotearen bizitzan». Pertsonaiek «izaera arazotsu eta konplexua dute, eta desioz eta tentsioz betetako mundu batean sartzean dira».
Pertsonaiak «oso errealak» direla nabarmendu dute Urrup taldeko partaideek. Aspaldiko istorioa da, baina «gaur egun gerta daitekeen istorioa ere bai». Izan ere, «beste gauza batzuen artean, tratu txarrak daude».
Obra «sikologikoa da eta matizez beteriko pertsonaiak dira, muturrekoak eta gogorrak, argi-ilun asko dituztenak» eta horrek guztiak lana zailtzen badu ere, «erronkatzat» hartu dute. Guztientzat «esperientzia nahiko berria» izan dela azaldu zuten. Urrupek landu eta antzeztuko duen obra «zailenetakoa» da.
Aurretik eta ondoren
Egun handia iristeko «gogo handiarekin», taula gainera salto egin aurretiko orduak nolakoak izan ohi diren kontatu dute aktoreek. Batzuei, bezperan pizten zaie urduritasuna. Beste batzuei jendaurrera salto egin baino 15 minutu lehenago. Estreinuaren eguneko «urduritasun berezia kendu eta energiaz betetzeko kantu egiten» duenik ere badago. Baita azkeneko minutuetan «saltsa horretan sartzeko nork esan ote» zien pentsatzen duenik ere. Pertsona eta pertsonaia beste modu daude, estreinuaren aurreko uneak kudeatzeko. Estreinuaren ondoreneko sentsazioaz ere hitzegin dute. Horretan denak bat datoz, «hustu egiten» dira.
Partaide berriei deia
Azkenik, antzerki taldean sartzera animatu zituzten herritarrak. Ez da baldintza berezirik behar. Konpromisoa eta lanerako gogoa besterik ez.
Interesa dutenek Urrup antzerki Taldeko kideekin jarri daiteke harremanetan.