Aztirian asteburu osorako jaiak bihar hasiko dira, zaindariaren egunez
Bihartik igandera arte Santa Marina festak izango dituzte Aztirian. 15. ekitaldia beteko duen Mendi Lasterketa izango da ekitaldirik jendetsuena.
Aztirian Santa Marina festak izango dituzte. Zaindariaren egunarekin hasiko dira, bihar, eta igandera arte jarraituko dute. 15. ekitaldia beteko duen Mendi Lasterketa izango da kanpotik jende gehien erakarriko duena.
Igandean 11:00etan hasiko da karrera, ohiko ibilbidean (10,5 km): Aztiria (600m)-Aizaleku barrena-Aztiria-Otañu (835)-Aizpuru-Aztiria. Lehen aldiz, izena aurrez eta Interneten (Rockthesport.com, 10 euro) eman daiteke, bihar arte.
Bide hori erabiltzeko eskatu dute antolatzaileek, iazko azken partaide-uholdea saihesteko. 95 korrikalarik marka jarri zuten iaz. Dutxa zerbitzua eta hamaiketakoa izango dute bukaeran. Karreraren kamiseta bereziak ere atera dituzte aztiriarrek.
Santa Marina egunez, bihar, meza (11:00) eta elkartean hamaiketakoa egingo dituzte. Etzi, ostirala, 18:00etan berrekingo diote. Bola eta toka lehiaketak auzotarrentzat, auzo afaria Aztiri erretegian (21:00), eta Josu Zubia oñatiar gaztearekin kantu-afaria izango dituzte.
Larunbata ere ekitaldi herrikoiz josi dute Aztiri-Bat eta Aztiriko Gazteak talde antolatzaileek. Auzoko herri kirol jolasak (11:30), 24. Patata-tortilla lehiaketa eta pintxoak (18:00), bolatea (18:30), eta Antsorregi eta Larrañaga trikitilariak izango dira.
Bertso-afariarekin borobilduko dute zapatua, 21:00etan, elkartean, iazko estreinaldiari segida emanez. Gorka Maiz, Aratz Igartzabal, Ane Beloki eta Eneko Araiztegi ariko dira bertsotan.
Omenaldia igandean
Azken festa-eguna igandean da. Auzotarraren omenaldia Goizea etxean bizi den Jabier Zabaleta erlojeroari egingo diote (12:30). Gabiriako txistularien etxez etxeko joa (09:00), Gabiriako Udalari harrera eta meza (11:00) eta Goruntz dantza taldearen saioa (12:30) ere izango dira, mendi lasterketarekin batera.
Elustondo trikitilariek girotuko dute erromeria. Arratsean, Ormazarreta zalditegikoek zaldi hezte erakustaldia egingo dute (18:00). Txapartegi eta Otaegi aizkolariak lau kiroletan lanean jarriko dituzte (18:30), buruz buru desafioan: aizkora, harria, txingak eta korrika. Bola eta toka lehiaketak izango dira (18:30).