Jasangarritasuna eta baserriak
Goierri garaiko udalek eta Uggasa garapen agentziak Fokatu Urola Garaia argazki lehiaketa antolatzen dute urtero, jasangarritasuna bultzatzeko. Aurtengoa baserriei buruz izan da.
Goierri garaiko udalek Fokatu Urola Garaia argazki le-hiaketa antolatzen dute urtero, garapen jasangarria zer den ezagutzera emateko eta herritarrak kontzientziatzeko. Aurtengo gaia baserria izan da: bere arazoak, ekoizpen lana, funtzioak…
Hamalaugarren edizio hau Jose Luis Soto zarauztarrak irabazi du. Bigarren saria eta hirugarrena bi urretxuarrek lortu dituzte: Pablo Perezek eta Aitor Agirrezabalek. Haur mailan, berriz, bi sari banatu dira. 12 urte azpikoen artean Jon Idigoras zumarragarra saritu dute eta 15 urte azpikoen artean Unai Azarola zumarragarra.
Helduen mailan 22 argazkilarik parte hartu dute: 16 gizonezko eta 6 emakumezko. 58 argazki aurkeztu dituzte. Sotok 300 euro, garaikurra eta diploma eskuratu ditu Artaldea eramaten argazkiarekin. Argazkia Santa Barbarako bidean egin zuen. Zarauzko argazkilari honek aurreko edizio batean parte hartu zuen eta 2014an antolatu zen lehiaketa herrikoia irabazi zuen. Ordura arte aurkeztutako 46 argazki Legazpi, Urretxu eta Zumarragako erakusleihoetan jarri zituzten eta boto gehien lortu zituena Sotoren Tximeleta argazkia izan zen.
Perezek 200 euro eta diploma irabazi ditu, Ganajana argazkiarekin. Bertan baserritar bat belarra jasotzen ageri da, Zumarragako Aitzaga baserrian. Agirrezabalek hirugarren saria (100 euro eta diploma) irabazi du Larre motzean ohituta daude nekazari eta baserritarrak Urola Garaian argazkiarekin. Bertan, bi asto ageri dira, Legazpiko Elorregi jauregiaren aurrean.
12 urte azpikoen mailan 39 haurrek parte hartu dute: 26 neska eta 13 mutil. 42 argazki aurkeztu dituzte. Irabazlearen argazkian (Behiaren aurrean arrisku betean) behi bat ageri da, Urretxuko Ipeñarrieta jauregiaren aurrean.
Azkenik, 15 urte azpikoen mailan 50 gaztek parte hartu dute: 28 neska eta 22 mutil. 80 argazki aurkeztu dituzte. Azarolaren irudian (Tipula izeneko sugea) tipula bat ageri da, Legazpiko Brinkola auzoko Arabaolatza eta Errotaburu baserrien aurrean.