Jokinen musikak eta 'Rita' lanak hornituko dute Lazkao kulturaz
Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza goierritarrek 'Rita' antzeztuko dute gaur, Maizpideren egitarauan, Arerian. Jokin Lasa lazkaotarrak abestuko du bihar
Uda beteko astean, kultura ekitaldiz mukuru izango da Lazkao. Bi hitzordu aipagarri garatuko dituzte bihar eta etzi. Txalo konpainiak Rita umorezko antzerkia ekarriko du, gaur; Jokin Lasa lazkaotar kantariak kontzertua egingo du, bihar.
Maizpide euskaltegiaren 45. Udako Ikastaroen kulturaldian programatu dute Rita antzezlana. Aitziber Garmendia zaldibiarrak eta Joseba Apaolaza urretxuarrak jokatuko dituzte bi pertsonaia nagusiak: Frank, uni- bertsitateko literatura irakaslea Apaolaza; eta Rita, haren ikasle eta ile-apaintzailea, Garmendia. Aparteko eta itxura batera zerikusirik gabeko bi mundu irudikatzen dituzte pertsonaiek. Rolak trukatuz, ikaslea bihurtuko da maisuaren irakasle onena, etsiak jota dagoen Frank poeta berpiztuko baitu Ritak.
Rita antzerki-emanaldia Areria aretoan izango da, gaur 22:00etan hasita. Sarrera doan da. Uztaila bukatzeko, datorren astean bertso-triki poteoa dago.
Jokin Lasaren musika bihar
Asteko bigarren ekitaldi nabarmena, Jokin Lasa musikari eta kantautorearen (Lazkao, 1954) emanaldia izango da. Udalak antolatu du, eta bihar 22:00etatik aurrera, Manueleneko plazatxoan joko du.
1970eko hamarkadan dezenteko sona lortu zuten Jokin Lasak eta Josu Irastortza olaberritarrak. Nire herrian bezala diskoa argitaratu zuten, 1977an. Urtetako isilaldia etorri zen gero, baina musikaren zilborrestea sekula moztu gabe, emanaldi akustikoekin itzuli zen duela urte batzuk. Lasak sortutako abestiekin, iaz Hamaika gezur lana argitaratu zuen, Garate estudioan Kaki Arkarazo lazkaotarrarekin ekoitzia.
Sozialki eta politikoki ikusten dituen herrenak eta hobenak ahobizarrik gabe kantatuko ditu Lasak, musika landuarekin.