Agurtzane eta Ion Elustondok herritarren aurrean aurkeztuko dute disko berria
Kontzertua Agirre Etxeberrin izango da gaur, 19:00etan. 'Bizirik dauden eskuak' Elkar argitaletxearekin plazaratu dute. Kritika onak jasotzen ari dira, Japoniatik ere bai
Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilariek jendaurrean lehenengo aldiz jo zuten Legazpiko Artzain Egunean, artean haurrak zirenean. Gaur, 19:00etan, Agirre Etxeberri parkean Bizirik dauden eskuak (Elkar, 2019) disko berria aurkeztuko dute Uztakaleko egitarauaren barruan. Agurtzane Elustondo pozik agertu da eskaini dieten aukerarekin, «ezagunak, lagunak, trikiti ikasleak eta zaleak ez direnak ere biltzea nahiko genuke. Etxean jotzea ederra da eta eskertuta gaude halako formatuan jotzeko aukera eman digutelako».
Diskoan bidelagun izan dituzten hainbat musikarirekin batera igoko dira gaur taula gainera: Michel Longaron (bateria eta perkusioak), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Gurutz Bikuña (gitarra akustikoa), Xabier Zeberio (biolina), Xabier Berasaluze Leturia (panderoa eta kriskitinak), Jose Maria Santiago Motriku (panderoa) eta Pilar Aresti (irrintziak).
Bizirik dauden eskuak lanak kritika onak jaso ditu. Tartean, John Potter folk musika kritikariak Okinawatik (Japonia) bere The Power of Okinawa blogean egindakoa, non euskal musika tradizionalarekiko interesa dutenei sutsuki gomendatzen dien eta Elustondo anai-arrebak euskal musikaren panoramaren gailurrean kokatzen dituen.
Apar festarekin agurtuko dute astelehenean aurtengo Uztakale
Aurreko astean egitekoak ziren apar festa bertan behera geratu zenez, datorren astelehenean egingo dute, Laubideko oinezkoan, 18:00etan. Alabaina, ez dute puzgarririk ezta bestelako ekintzarik eskainiko, apar festa antolatuko dute soilik. Haurrei zuzendutako ekintza horrek amaiera emango dio aurtengo Uztakale Legazpiko udako kultur egitarauari.
Uztakale amaitu aurretik, ordea, Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilariek gaur egingo duten kontzertuaz gain, ostiralero-ostiralero Ikatza elkarteko argazkilariek emandako ikus-entzunezkoen azken ekitaldia izango da bihar. Oraingoan bidaien argazkiak ekarriko dituzte Azokan, 22:30ean, egingo duten emanaldira.
Aurreko asteleheneko haur parkean galdutako eguzkitako betaurreko batzuk jaso zituzten eta aurretik egin dituzten apar festek ere, galdutako zenbait objektu utzi dituzte, hala nola igeri egiteko betaurrekoak eta txankletak; jasotzeko Herritarren Arreta Bulegora jo daiteke.