Antzizar kiroldegiko Tatami Gimnasialekua berritu dute
Antzizar Kiroldegian borroka arteak edo arte martzialak egiteko Tatami Gimnasialekua berritu dute. Beasaingo Udalak azaldu duenez, «bere garapenerako barru biguneko zorua behar duten borroka-arteetarako eta jarduera berezietarako erabiltzen da». Honela, argiterian kontsumo baxuko led argiak ipini dituzte, eta aireztapen sistema berritu dute, hotz-beroa edo tenperatura egokia bermatzeko instalazioarekin batera. Bestalde, sabaia birmoldatu, margotze lanak egin, aretoa isolatu da eta leiho eta kristalak aldatu dituzte. Berrikuntza lanen kostua 65.590 eurokoa izan da.
Gimnasio hori Antzizar Kiroldegiak antolatutako ikastaroetarako erabiltzen da lehentasunez, «baita udalarekin lankidetza-hitzarmena izenpetuta du- ten klub eta ikastetxeek antolatutako jardueretarako ere».
Helburu bikoitza
Udalaren esanetan, helburu bikoitza izan du inbertsioak: «Batetik, kirola eta ariketa fisikoa egiteko ahalik eta aukera anitzenak eskaintzea; eta bestetik, Antzizar kiroldegiko erabiltzaileei kalitatezko instalazio egokiak eskura jartzea beharrezkoa da hauen fideltasunari eusteko».
Gaur egun, 6.000 bazkidetik gora ditu kiroldegiak eta egunero mila pertsona inguru dira Antzizar kiroldegia erabiltzen dutenak. «Kopuru esanguratsuak dira eta Udalaren ardura da kalitatezko zerbitzuak eta instalazioak eskaintzea hauei».
Honela, azken hiru urteetan, hainbat berrikuntza egin dituzte: sei aldagela berritu eta irisgarritasun baldintzetara egokitu dira, energia aurrezteko inbertsioak egin dira zenbait lekutako argiteria led-era aldatuz, uraren beroa berreskuratzeko makina jarri, gimnasio nagusia berrantolatu eta makina berriak ipini ziren. Espazio berriei dagokienez, rokodromo berria eraiki zen eta boxeorako gimnasio berria ere egokitu zen. Azken eremua, otsailean inauguratu zen crosfit gela berria izan zen.