Fruta urte onaren markak agerian dira ferian
Aran eta sagar mota berriak, lehen berenjena eta leka gorria atzoko ferian; eguraldia ere portatu da, tenperatura eta giro atseginarekin.
Uztaila erditik aurrera badoa, eta opor giroa nabarmen den honetan produktuen joan-etorriak bizirik dirau. Atzo, esate baterako, mugurdi eta hemengo gerezirik ez genuen ikusi. Aldiz, aranak ugaritu dira; gorriak, berdeak eta horiak salgai zeuden Ataungo Zurutuzatarren postuan, baita sanjuan sagar gorria ere; «guk horrela esan izan diogu beti, baina beste izen batzuk ere erabiltzen dituzte sagar honentzat», zioen Lurdesek. Eta prezioak behintzat, garesti aitzakiarik ez: 1-1,5€/k, bai arana baita sagarra ere.
Fruta urte onaren zantzuak
Momentuan momentukoari erreparatuz, gerezia, sanjuan sagarra eta aran urte ona izan dela ezin da ukatu, arbolak bete-beteak eta alea sano. Aurrerago helduko direnei buruz galdetuta, «intxaur eta hur asko ikusten da» eta «sagar arbolak ere ondo beteak ikusten dira» zioten. Horiek dira hemen ondoen datozen fruituak, eta ondo bidean gero salgai luzez izango direnak, ia urte guztian hurrengo uztara arte. Ez du aurrera begira ez ekaitz zakarrik edo fruta hondatu dezakeen bestelakorik egin behar.
Alberjinia eta leka gorriak
Barazkiei begira jarriz, ilarra eta baba desagertu dira mahai gainetatik. Aldiz, lehen berenjena ikusi genuen; itsas udarea eta alberjinia ere esaten zaio eskualdeka, bai negutegikoa baita aire librekoa ere, 1,5-1,8 euro artean bakoitza.
Leka gorria ere hasi da. Postu bakarrean ikusi genuen, Kontxi Arizagak Zaldibiatik ekarrita eta kiloa 6 euroan salgai. Bestela, leka berde txapala nagusi da, eta hori da estimazio handiena duena, 5-6€/k.
Piperren prezioa nahikoa gorabeheratsu dabil, bereziki Ibarrako pipermina, 9 eta 13 euroa artean kiloa. Besteak, italiarra, morroa, Gernika, luze gozoa… merkeago daude, 3,5-6 euro artean, motaren arabera.
Datorren astean herriko festen hasiera iragarriko duen suziriarekin bat egingo du feriak, beraz goizago jasoko dituzte postuak. Kontuan hartzekoa erosketak bertan egiteko.