Zegamako kontsumo kooperatibari aitortza, mende erdi bete duelako
Ekitaldia Bilboko Euskalduna jauregian izan zen. 69 kooperatibak bakarrik dute mende erdi baino gehiago. Zegamako fabriketako langileek sortu zuten kooperatiba
Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseiluak 50 urte baino gehiago dituzten kooperatibak omendu ditu Bilboko Euskaldun jauregian. Omenduen artean Ze- gamako San Bartolome kontsumo kooperatiba dago. 69 kooperatibak bakarrik dituzte 50 urte baino gehiago.
Goierriko enpresa handiek ekonomatoak zituzten eta bertan langileek produktuak merkeago erosi zitzaketen. Zegamar talde batek herriko enpresei ekonomatoa irekitzea proposatu zien, baina egitasmoa garestia zen eta herriko enpresa gehienak txikiak ziren (handiena paper fabrika zen eta 120 langile inguru zituen).
Azkenean, zegamarrek San Bartolome kontsumo kooperatiba ireki zuten. Ordurako beste kooperatiba bat zegoen (Cooperatiba del Campo), baina hark baserritarrei bakarrik ematen zien zerbitzu.
San Bartolome, berriz, fabriketan lan egiten zutenentzat zen. 180 bazkide ingururekin hasi zen. Baserritik bizi zen familia kopuruak behera egin zuen eta 1998an San Bartolomek Cooperatiba del Campo xurgatu zuen. Ordurako zegamar asko bi kooperatibetako bazkideak ziren, baserritik fabrikara pasa zirelako.
Urte hauetan guztietan San Bartolomek banatzaile ezberdinekin lan egin du: Unialco-Uvesco, Coaliment eta Eroski. «Beraiek ere kooperatiba direnez, Eroskirekin lan egitea erabaki genuen», esan du Ramon Otaegi bazkideak. Zegamako dendan Eroskiri erositako janaria eta edaria eta herriko baserrietako produktuak saltzen dituzte. 158 bazkide dira. «Herrian erosketa txikiak egiteko aukera izatea gauza handia da. Eta egunen batean janari denda ez dela beharrezkoa erabakitzen badugu, herriari beste zerbitzu bat eskainiko diogu gure lokalean: tailerra, erretiratuentzat lokala… Lokala ia herri osoarena da eta horrek balio handia du», amaitu du Otaegik.