Alegian benetako jaiak
Madalena festak ospatzen gaur hasiko dira Alegia auzoan. Joselu Anaiak, aretoko dantzak eta sagardo dastaketa, hasteko. Paella erraldoia prestatu eta jango dute herri-afarirako bihar
Alegiazkotik ezer ez dute Alegiako festek. Bene-benetako auzo jaiak antolatu dituzte, aurten ere. Madalena eguna astelehenean egokitu denez, asteburuan aurreratuko dira alegiarrak, izan Itsasoko, Gabiriako nahiz Ormaiztegiko bizilagunak.
«Urteroko eskema» hartu eta hornitu dute egitaraurako, Ainhoa Aldasoro antolatzaileak dioenez. Sagardo dastaketan 15 bat etxetakoak edan ahalko dira: 12 Sagardozale Elkartetik hartu dituzte, eta hiru bertakoak dira: Altzibar, Urkulegi-Urteaga eta Igartubeiti. Pintxotan txorizoa eta hirugiharrea aterako dute, eta afaltzeko oilasko errea erosi eta jan ahalko da, auzoko pilotalekuan bertan.
Alegian azken hiru hamarkadetan hutsik egin ez duen Joselu Anaiak musika taldeak girotuko du dantzaldia. Joxemari Orbegozoren Dantzaki eskolakoek aretoko dantzak egingo dituzte.
Paella untxiduna afaltzeko
Herri-afariaren ohitura biharko gorde dute. «Iaz aldatu egin genuen herri afariaren planteamendua. Duela denbora asko paella-ontzi handi bat egin zen, hiru bat aldiz erabili eta gero urte askoan geldirik egon dena. Iaz atera genuen berriro, eta Itsasoko Ostatukoek egin zuten paella», azaldu du Aldasorok.
Bihar ere hala egingo dute. Ezkioko Garaion baserrian Iñaki Alberdik hazitako Euskal Untxia izango du arrozak jaki nagusi. Su-brasa berean, haragia ere erreko dute Manuk eta Aidak, eta postreak osatuko du herri afaria.
Jon Gorrotxategi musikari eta DJ alegiarrak jarriko du musika. Gustura geratu zen jendea iaz afariarekin eta musikarekin. Aspaldiko beste jolas bat ere, bingoa, berreskuratuko dute. Bertako produktuak eta afariak jarri dituzte saritzat. Bi buelta egingo dituzte bingo jokoan.
Astelehenean agurra
Madalen egunarekin, astelehenean agurtuko dituzte Alegian aurtengo festak. Mezaren bukaeran, Ezkioko eta Itsasoko koruak abestuko du. Izen berria jarri diote orain dela gutxi: Izazpe. Itsasoko, Ezkioko, Ormaiztegiko eta Gabiriako herritarrek abesten dute abesbatzan.
Goruntz taldeko haurren saioa ikusi ondoren, hamaiketakoa egingo dute alegiarrek. Tomas Maiora auzotarrak prestatuko du. Urte askoan berak prestatu izan du; baita aurten ere.
Bukatzeko, Ostatukoek gidatuta, ardo eta pintxo uztarketa egingo dute, musikaz. Lauzpabost ardo desberdin, eta bakoitzari ondo datorkion pintxoak aterako dituzte. Madalena festak giro goxoan amaituko dituzte.
Alegiako jaien egitaraua
Gaur
· 19:30. Sagardo festa. Sagardo dastaketa eta pintxoak.
· 21:00. Dantzaki taldearen areto dantzen erakustaldia.
· 21:30. Afari herrikoia, oilaskoa errea, sagardo festaren segida.
· Gauean. Joselu Anaiak musika taldea.Bihar
· 18:00. Paella prestatze hasiera.
· 21:00. Herri afaria.
· Gero. Bingoa eta Gorrotxa DJa.Astelehena, Madalen
· 12:00. Meza, Izazpe koruarekin.
· Gero. Goruntz dantza taldea.
· Ondoren. Hamaiketakoa.
· 17:00. Puzgarriak eta merienda.
· 19:30. Ardo eta pintxo dastatzea, Gorrotxa DJarekin.