Elustondotarrek herrian aurkeztu dute disko berria
Uztakale egitarauaren barruan, Elustondo anai-arrebek disko berria aurkeztu dute zuzenean, Agirre-Etxeberri parkean egindako kontzertuan.
Agurtzane eta Ion Elustondo anai-arrebek estreinatu berria dute Bizirik dauden eskuak (Elkar, 2019) diskoa. Eta lan berria aurkezteko zein toki hoberik, jaioterria bera baino. Uztakale egitarauaren barruan, Agirre-Etxeberri parkean egin dute kontzertua, musikari talde zabalak lagunduta. Michel Longaron, Amaiur Cajaraville, Xabier Zeberio eta Gurutz Bikuñak osatu zuten taldea.
Elustondo anai-arreben Izozturiko eskuak kanta // Bideoa: Gotzon Aranburu.
Gonbidatu berezi ugari ere izan zituzten atzoko emanaldian, tartean Xabier Berasaluze Leturia panderojolea, Estitxu Pinatxo kantaria, Pilar Aresti irrintzilaria, eta Xabier Amuriza, Asier Iriondo eta Nerea Elustondo bertsolariak.