Urpekoak taldeko neskek marka berria jarri dute Espainiako txapelketan
Ordiziako Kirol Elkarteko Urpekoak taldeko igerilariek emaitza bikainak lortu dituzte Bartzelonan jokatu den Espainiako txapelketan. Sailkapen orokorrean bosgarren egin du klubak
Ordizia Kirol Elkarteko Urpekoak taldeko kideak Espainiako junior eta senior txapelketan egon berri dira Bartzelonan, eta emaitza oso onak lortu dituzte. Nesken errelebo taldeak Espainiako errekor berria ezarri zuen. Ordiziako taldeko kideak «oso pozik» agertu dira emaitza horren aurrean.
Sekulako lana egin ondoren, Ordiziako Urpekoak taldekoek oso kontuan hartzeko kirolariak direla erakutsi dute beste behin ere. Taldeko 24 igerilari eta 3 teknikari joan ziren Espainiako txapelketara eta denen ahaleginaren laguntzaz, 18 talderen artean bosgarren postuan sailkatzea lortu zuten.
Klubak sailkapen orokorrean lortutako posizio onaz gain, oso nabarmentzekoa da, junior mailako nesken errelebo taldeak lortutakoa. Ane Gonzalez, Ainhoa Garmendia, Graxi Elosegi eta Iratxe Garmendia azkarrenak izan ziren 4×200 urazaleko proban, eta gainera, Espainiako errekor berria ezarri dute.
Modalitate berean, 4×100 distantzian lehenengo postuan sailkatu zen mutilen errelebo taldea ere. Bestalde, gizonezko seniorrek bi probatan parte hartu eta hirugarren postu lortu zuten.
Bakarka ere bikain
Bakarkako probetan ere sailkapen oso onak lortu zituzten. Iratxe Garmendia izan zen horietako bat. 100 eta 200 metro urazaleko probetan lehen postuan sailkatu zen eta hirugarren egin zuen 400 urazalean. Ane Gonzalezek ere lehenengo postua lortu zuen 50 urazalekoan eta bigarren izan zen 100 metroko distantzian. Bigarren egin zuen baita ere Ainhoa Garmendiak 200 urazaleko proban.
Mutilen artean, Josu Sarasolak bigarren egin zuen 400 eskafandran.