Hedatuz kanpainak gizarte elkarteen lana ikustaraziko du, film laburren bidez
Gipuzkoako gizarte arloko hainbat elkarteren lana eta beharrak erakusten dituzten bost laburmetrai eskainiko dituzte. Emanaldia gaur izango da, 18:30ean, udaletxean
Gipuzkoako gizarte elkarteen lana ikustarazteko sortutako Hedatuz kanpaina Beasainera iritsiko da gaur. Arlo ezberdinetako hiru elkarteren jarduna azaltzen duten bost laburmetrai eskainiko dituzte. Gizarte arloko laburmetrai horiek, Bideak Zabalduz programan landuak izan dira, AGISAS Gipuzkoako Integratzaile eta Animatzaile Soziokulturalen elkarteak koordinatuta.
Beasaingo Udaleko ongizate sailaren bitartez antolatu dute emanaldia. Egitasmoaren aurkezpenean azaldu dutenez, «gizarte elkarteek euren beharrak» erakusten dituzte film horietan, eta «pertsonen heziketa eta gizarteratze prozesuak» nola lantzen dituzten erakusten dute. 2018tik datorren proiektua da; Gipuzkoan lan egiten duten gizarte arloko hainbat elkartek parte hartu dute, eta egin dituzten tailer ezberdinetan, beraien lan egiteko modua eta beharrak azaltzen duten laburmetrai bana grabatu eta ondu dituzte. Prozesu horren emaitza da gaur arratsaldean Beasainen ikusi ahal izango dena.
Parte hartu duten elkarteen artean daude Bizibide Gipuzkoako Fibromialgia eta Neke Kroniko Sindromearen Elkartea, Bihotzez kardiopatiak dituzten haurren familien elkartea, eta AGIAC Gipuzkoako gizarte integratzaile eta kultura animatzaileen elkartea. Proiektua Zarauzko eta Donostiako udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Kutxabankek eta Caixabankek babestu dute.
Emanaldia gaur arratsaldeko 18:30ean izango da, udaletxeko areto nagusian. Udalaren izenean, herritar guztiei egin diete emanaldira joateko deia. Antolatzaileek, saiora kolonia, krema, lozio edo antzekorik ez eramateko ere eskatu dute, produktu horiek sentsibilitate anizkoi- tza duten pertsonei kalte handia eragin diezaieke eta.
Film laburrak:
· ‘El vuelo de las mariposas’ eta ‘Tocados por el corazón’, Bihotzez.
· ‘Intentalo, todo es posible’ eta ‘AGIAC erreportajea’.
· ‘La familia lo primero’. AGISAS.Emanaldia:
· Noiz. Gaur, 18:30ean.
· Non. Beasaingo udaletxeko batzar aretoan.