Hauspo zahar, haize berri
Ataungo Tourseko San Martin elizako organo barrokoan bi kontzertuk osatuko dute Nazioarteko 13. Jaialdia. Garcia, Ducau, Biskari eta Eate korua ariko dira, bihar. Abuztuaren 4an, Cea
Barroko arte-garaiko ondare preziatu den Ataungo Tourseko San Martin elizako organoan urteroko emankizun sorta antolatu dute. Ataungo Organo Barrokoaren Nazioarteko 13. Jaialdian bi kontzertu entzuteko aukera izango da, eta Donostiako Musika Hamabostaldiarekin ere bat eginez, musikologo adituen bisita ere jasoko du.
Kontzertu handia antolatu dute lehen jardunaldirako. Ana Belen Garcia organo jotzaile andoaindarrak, Mixel Ducau musikari baionarrak, Thierry Biskari abeslari baxenafarrak eta Ataungo Eate abesbatzak batura interesgarria egingo dute. Bihar 18:00etan hasiko da emanaldia, San Martin auzoko elizan.
XVIII.etik Ken Zazpiraino
Ahots, musika tresna, estilo eta aro ugariren batura egingo dute biharko saioan. XVIII. mendeko organorako lau pieza anonimo joz hasiko da Garcia. Ipar Euskal Herriko tradizio berrituaren ordezkari diren lau pieza etorriko dira ondoren, Biskariren ahotsean eta Ducauren interpretazioarekin: Begoak, Eluzurtzak (Biskarirenak biak), Eiheralarre (Daniel Landartena eta Ducaurena) eta Munduberri (Ducau) aireratuko dituzte.
Kontzertuaren azken herena Eate koruak borobilduko du, lau abestirekin, euskal folklore berrirako trantsizioa eginez: Agur Maria (Estitxuren bertsioa), Lurra (Ducau) eta Itsasoa gara (Eñaut Elorrieta) abestuko dituzte; baita Simon and Garfunkelen Isiltasunaren soinua ere.
Ohi bezala, Maximo Aierbek zuzenduko du Eate abesbatza. Nahiz eta jende aurreko lehen kantaldia 1995eko azaroan egin, 1994an sortua da, orain 25 urte.
Organo Jaialdiaren bigarren zatia abuztuaren 4an izango da, igandearekin (18:00). Andres Cea organo jotzaile andaluziarrak joko du. Biharamunean, abuztuaren 5ean, Donostian nazioarteko ikastaroan parte hartuko duten organo jotzaileek bisita egingo dute Ataunera, tresna barrokoa ikusteko.