Leire Arregi arrasatearrak egin du Santa Anastasia jaietako egitarauko azala
Lehiaketan bederatzi lagunek parte hartu dute. Parte hartzaileen artean Nerea Murillo, Olatz Soraluze, Laura Compains, Julen Izagirre, Itziar Albisua eta Clara Probanza daude
Urretxuko jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa Leire Arregi arrasatearrak irabazi du, Plazara atera, dantzan eitera lanarekin. Azaleko protagonistak Iparragirre erraldoia, buruhandia, dantzariak, trikitilariak eta itzainak dira.
Herritarrek Internetez bozkatzeko aukera eman dute eta Jai batzordekoen eta epaimahaikoen iritziak ere aintzat hartu dira.
Aurtengo lehiaketan bederatzi lagunek parte hartu dute: Nerea Murillo eta Olatz Soraluze urretxuarrek; Laura Compains, Julen Izagirre, Itziar Albisua eta Clara Probanza zumarragarrek; Aimar Ibarzabal beasaindarrak; Ana Salegi donostiarrak eta Arregik. Hamahiru lan aurkeztu dituzte. Lan horiek guztiak kultur etxeko sarreran egongo dira ikusgai,Santa Anastasia jaiak bukatu arte.
Sari banaketa ekitaldia atzo izan zen, kultur etxean. Arregi «oso pozik» azaldu zen. «Lehenengoz, nirea ez den herri batean lehiaketa bat irabazi dut. Urretxuarrek emandako konfiantzak asko pozten nau. Izan ere, beste lehiaketa batzuetan ez bezala, hemen herritarrek bozkatzeko aukera dute. Hori zuzenagoa iruditzen zait».
Arrasateko gazte honek ez ditu Urretxuko Santa Anastasia jaiak ezagutzen. Hori dela eta, Internet erabili du informazio iturri bezala. «Ez naiz oso festa zalea. Urretxura askotan etorri naiz, baina Santa Anastasia jaietan ez naiz sekula izan. Aurten etorriko naiz».
Kartel alaia
Azalean elementu ezberdinak ageri dira eta musikari garrantzi handia eman dio. «Festa giroa islatu nahi izan dut. Hori dela eta, azala oso koloretsua da. Bestalde, askotan komiki estiloa erabiltzen dut eta azal honek ere komiki kutsua du».
Arregik 26 urte ditu eta Sorkuntza eta Ilustrazioa ikasi zuen Bilbon. Urretxukoa bere bigarren saria da. Izan ere, iaz Arrasateko San Joan jaietako kartel lehiaketa irabazi zuen.
Estilo ezberdinak atsegin ditu. «Komikia asko gustatzen zait, baina lan sinpleagoak eta lan abstraktuak ere atsegin ditut. Artista irekia izan behar da», aipatu du.
Komiki japoniarrak eta estatubatuarrak atsegin ditu, batez ere. «Umetatik ikusi ditudanak atsegin ditut. Japoniarrak, Dragoi Bola eta halakoak eta estatubatuarrak. Nire lanetan bien eragina nabari dela uste dut», esan du arrasatearrak.
Ilustrazio munduan lan egitea ez da batere erraza, baina baikor ageri da. «Ez da erraza mundu horretan lan egitea, baina asko gustatzen zaidanez, saiatu egingo naiz. Nire burua hobeto prestatzeko asmoa dut. Teknologia berrien inguruko ezagutza ezinbestekoada eta horretan trebatu nahi dut. Baikorra izan behar da», amaitu du.