San Gregorio ermitan erromeria egingo dute igandean, laugarrenez
Duela lau urte berreskuratu zuten festa Astigarretako auzotarrek, San Gregorio ermita berritu eta gero. Igandean egun osoko festa izango dute.
Astigarretako auzotarrek antolatuta, erromeria egingo dute laugarren urtez, San Gregorio ermitaren inguruan. Igande eguerdian bilduko dira bertan, eta txalaparta, bertsoak eta trikitixa izango dituzte, herritarrentzako bazkariarekin batera.
Garai batean sona handiko erromeria izaten zen San Gregorio ermitakoa. Azken hamarkadetan, ordea, ohitura galduta zegoen, harik eta auzotar batzuek ermita berritu eta 2016an erromeria berreskuratu zuten arte.
Ermitaren bueltako festa
Lehendik ere berrikuntza ugari egindakoak dira ermita horri, 1951n eta 1993an, esaterako. Duela lau urtekoa, auzolanean egin zuten, udalaren laguntzarekin. Hura estreinatzeko aitzakian antolatu zuten festa, eta lau urte beteko ditu igande honetan.
Mandubiako aparkalekutik oinez abiatuko dira herritarrak, eta 12:00etan meza izango dute ermitan. Handik ateratakoan, salda eta pintxoak banatuko dituzte. Eskisabel anaiek txalaparta joko dute, eta Loinatz Musika Eskolako trikitilariak ere etorriko dira, giroa alaitzera. Bazkariarekin bukatuko dute festa eguna.