Zaldibiako Udalak bi batzorde eta hiru arlo zabalago izango ditu
Hirigintza batzordea izango du batetik, eta bigarren batzordeak, kultura, kirol eta euskara arloak bilduko ditu. Herritarrek irailaren 20ra arte eman dezakete izena.
Zaldibiako Udalak zehaztu du 2019-2023 agintaldirako barne antolaketa, eta atzo herritarren aurrean aurkeztu zituen egitura eta ordezkaritza. Udala gobernatzeko bi talde eratu ditu: alkatetza taldea batetik, EH Bilduko hiru zinegotzik osatua; eta Gobernu taldea bestetik, agintean dagoen alderdi horren sei zinegotziekin. Asteartero egingo du bilera azken horrek (18:30).
Udal batzordeen banaketan, bi motatakoak bereizi dituzte. Batetik, bi batzorde izango dira, Hirigintza lantzeko bat (Eztitxu Mujika alkatea buru) eta Kultura, Kirola eta Euskararena bestea (Jon Luloagoa batzordeburu). Bestetik, arlo deituriko multzo zabalagoak. Ingurumena, Landa Garapena eta Lehen Sektorea landuko dituzte batean, eta Unai Beloki izango da arduraduna; Berdintasuna, Hezkuntza, Gazteria eta Aniztasuna beste batean (Jone Garmendia eta Laida Elizegi arduradun); eta Zerbitzuak eta Ongizatea hirugarrenean (Mujika eta Mikel Luloaga).
Arloek ez dute bileretarako maiztasun jakinik izango, sortzen diren beharren eta ekarpenen arabera egingo dira. «Batzuetan, gai zehatz bat lantzeko deituko da bilerara, bestetan ekimen bat antolatzeko edo hausnarketa orokorragoak egiteko prozesu gisa», azaldu du udalak.
Lan taldeetan izen-ematea
Batzordeak eta arloak aurkezteaz gain, horietan parte hartzeko herritarrentzat izen-ematea ere ireki dute. Gaurtik irailaren 20ra eman ahalko da, udaletxean.
Zaldibiako Udalbatzak hiru hilabetero egingo ditu ohiko osoko bilkurak, urtarril, apiril, uztail eta urrian. Eztitxu Mujika alkateak erabateko dedikazioa izango du, eta hilean 1.400 euroko soldata jasoko du.