Haurrei aginte makila emanda hasi dira Ordiziako Santa Ana jaiak
Goizean iaz jaiotako haurrei jaietako zapi urdina eman diete udaletxeko areto nagusian egindako ekitaldian; Adur Ezenarro alkateak "ordiziar izatea sentimendu bat" dela esan du
Eguerdian, Ordiziako plaza hamaika koloretako alkandora soinean zeramatzan gazteez lepo beteta zegoela, Adur Ezenarro alkatearen eskuetatik aginte makila hartu berritan, Diego Diez alkate txikiak aurtengo Santa Ana festei hasiera eman dion suziria piztu du udaletxeko balkoian. Hiru bota dituzte eta Maialen Aranburu alkatesak ere piztu du suziri bat. Zerura bidean jartzeaz batera algarak, dantzak eta musikak eztanda egin dute plazan.
Aurretik haurren udalbatza hartu du Ezenarrok udaletxeko areto nagusian. Izan ere, Haurren Asteburua da. Makila alkatesari eta alkateari eman die. Udalbatza osatu dute Aimar Morales eta Maren Sanz mazeroek eta Iraitz Zubeldia aguazilak.
Ekitaldiak, halere, lehenago hasi dira. Goizeko hamarretan udaletxeko aretoa bete dute iaz jaiotako haur ugarik, baita haien senideek ere. Jaietako zapi urdina jarri diete umeei. Ezenarroren esanetan, “ordiziar izatea sentimendu bat da eta Ordizia den komunitate honetara ongietorria eman nahi diegu”. Alkateak gaineratu du Ordizia beti izan dela “harrera herria”. Lehenengo aldia da ekitaldi hori egiten dutela.
Jaiak hasi baino ez dira egin. Hona gaur arratsaldeko egituraua:
- 14:00. Haurrentzako bazkaria plaza nagusian.
- 15:00-19:00. Urrezko txirrista Euskal Herria kalean.
- 17:00-20:00. Goierri Punk Gaztetxean.
- 18:00. Xabi Aiestaran XVI. Pala Txapelketa, Beti Alain.
- 18:00. Buruhandi eta erraldoiak.
- 19:00. Haur animazioa Burrunbazale txarangarekin plazan.
- 20:00. Txikien kuaderillen kalejira.
- 22:00. Haurren mozorro dantzaldia Beti Alain pilotalekuan.
- 23:15. Zezen suzkoa Zuhaiztian.
- 23:30. Disko parranda Domingo Unanue plazan.
- 00:00. Bake Faltsua eta Street Wise txosnagunean.