CAF Taldeko Solarisek 220 autobus elektriko egingo ditu Varsoviarako eta Berlinerako
Poloniako hiribururako 130 autobus elektriko artikulatu eta Alemaniako hiribururako beste 90 unitate hornituko ditu. 160 milioi euro inguruko kontratuak sinatu dituzte.
CAF Taldeko Solaris enpresak 160 milioi euro inguruko bi kontratu “esanguratsu” lortu ditu: Poloniako Varsovia hiribururako 130 autobus elektriko artikulatu egingo ditu (100 miloi euro) eta Alemaniako Berlin hiribururako, 90 (60 milioi euro).
CAFen esanetan, “ibilgailu mota horietarako gaur egun Europan egindako lizitazioen artean garrantzitsuenetako bat” da Varsoviako kontratua. Poloniako hiribururako hautatutako Solaris autobusak 18 metroko Urbino modelokoak dira eta 300 km-ko autonomia izango dute. 2020. urtean entregatzea aurrez ikusi dute. Javier Callejak, Solaris Bus & Coach SA enpresako zuzendari exekutiboaren esanetan, “Solaris harro dago autobus elektrikoak hornitzeko kontratu esanguratsu hau irabazi duelako. Urte asko daramagu zero igorpeneko ibilgailuen garapenean oinarritutako estrategia izaten eta MZArentzako eskari garrantzitsu honi esker, elektromugikortasun arloan Europako lider gisa dugun posizioa sendotzeko gai izango gara. Gainera, batez ere, pozik gaude gure enpresa garraio-irtenbide jasangarriak garatzeko egiten ari den apustuarekin. Horrek guztiak Varsoviako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du kasu honetan”.
MZArentzako artikulatutako 130 Urbino elektrikoak 150 kWh-ko gaitasuna duten Solaris High Power bateriekin ekipatuta egongo dira. “Bateria horien energia elektrikoa entxufe motako karga-estazioen zein pantografo bidez birkargatuko da. 400 kW baino gehiagoko potentzia duten karga bizkorreko estazioen kasuan, hiriko hainbat puntutan zabalduko dituzte”. Autobus berriek 18 metroko luzera izango dute eta, “horri esker, bidaiariak garraiatzeko edukiera handia izango dute”. Bestalde, aire girotua, bidaiarientzako informazio- sistema osoa eta bidaiarientzat erabilgarri USB karga-atakak izango dituzte.” Ibilbidean gailu mugikorrak birkargatu ahal izango dituzte erabiltzaileek. Ibilgailuak dituen berrikuntza tekniko guztiez gain, aipatu beharrekoa da autobus elektriko berri horien ezaugarri nagusia izango dela “zero igorpenekoak” direla. Horrek hirirako ingurumen- hobekuntza nabarmena ekarriko du alderdi guztietan”.
Berlinen, 90 autobus elektriko
BVGk, Berlineko garraio publikoa kudeatzen duen enpresak, Solaris etxeko ibilgailuak hautatu ditu Alemaniako hiriburuan zerbitzua emateko. 12 metroko luzera duten 90 autobus elektriko egingo ditu CAF Taldeko Solarisek. “Sinatutako kontratuaren balioa 60 miloi euro baino gehiagokoa da eta hainbat fasetan banatuta egongo da. Lehen autobusa urte honen amaieran entregatuko diote Berlini eta gainerakoak hiru tartetan banatuko dituzte: 29 unitate 2020ko lehen hiruhilekoan, 30 unitate 2020ko bigarren hiruhilekoan, eta azken 30 unitateak 2020ko laugarren hiruhilekoan”.
Solaris Bus & Coach SA enpresako Kontseiluko presidenteordearen, Petros Spinarisen esanetan, “beste behin, Berlinek zero igorpeneko garraio publikoa garatzearen aldeko apustua egin du eta Solarisen 90 autobus elektriko berri hauek aukeratu izanak hiritarren bizi-baldintzak hobetzen lagunduko du zalantzarik gabe. Elektromugikortasunari esker, hirietako kutsadura eta zarata mailak txikiagoak dira, eta gaur egun errealitate bihurtzen ari den etorkizuna da”.