Gazte lokalek festa antolatu dute abuztuaren 30erako eta 31rako
Gazte lokalen arteko harremana sendotzea eta elkar ezagutzea dira festaren helburuak
Beasaingo gazte lokalek Porru kaleko festak egingo dituzte abuztuaren azkeneko asteburuan, 30ean eta 31n. Iaz Oriamendi kaleko lokalek antolatutako festaren arrakasta ikusita, aurten, herriko 15 gazte lokalen artean 17 daude guztira osatu dute bi eguneko egitaraua. Erauskin plazan eta Gernika pasealekuko pilota leku txikian egingo dituzte ekintzak.
Abuztuaren 30ean, ostiralean, mus txapelketarekin hasiko da jaia. Jarraian, sagardo dastaketa egingo dute eta gauean, erromeria.
Larunbatean, berriz, herri bazkaria, lokaletako sari banaketa umoretsua bertsolari gazteekin eta elektrotxaranga izango dituzte. Herri bazkarirako txartelak laster jarriko dituzte salgai lokaletan eta herriko hainbat tabernatan.
Gazteen ekarpena
Gaur egun, gazteak lokaletan biltzen dira, eta errealitate horretatik abiatuta, lokalen arteko harremana bultzatuz, «gazteak elkar ezagutzeko espazioa» sortu nahi izan dute Porru kaleko festekin. Horrekin batera, «herri giro bat, gazte giro bat» ere sortu nahi dute: «Asmoa da, asteburu batean egiten den jai batean bakarrik ez geratea, ea aurrera begira ere, zerbait gehiago eman deazkeen».
Festa irekia da, eta festagunea herri erdigunera eramatearen arrazoia hori da: «Lokalek zentzu negatiboa dute askotan, baina guk erakutsi nahi dugu lokaletatik herriari ere izugarrizko ekarpena egin diezaiokegula. Lokalen arteko elkarlanarekin, herri giro bat sortu dezakegula eta bizitasun bat eman diezaiokegula herriari lokaletatik».
Gazteak gogotsu
Loinatz jaiak pasatu ondoren hasi ziren Porru kaleko festak antolatzen iazko antolatzaileak, baina aurten beste erronka bat jarri zuten: ez mugatzea Oriamendi kaleko lokaletara. Gainerako lokalei proposamena egin eta gainerako lokaletako gazteek ere begi onez hartu dute erronka: «Bileretan 30 gazte elkartu izan gara, eta hori izugarria da. Denon artean adostu dugu egitaraua eta denon artean banatu ditugu lanak. Horrek esan nahi du, jendea gogoarekin dagoela. Bilera hauen arrakasta behar batetik dator».