Madalena Egunarekin bukatu dituzte jaiak Alegian
Alegiko jaien ospakizunak aurreko ostiralean hasi eta atzo amaitu ziren Madalena Egunarekin. Ostiralean bildu zen jende gehien, 300 bat lagun, sagardo festaren bueltan
Atzo ospatu zuten Alegi auzoan Madalena Eguna. Itsaso udalerriaren barruan dagoen auzoak Ormaiztegi eta Gabiria ere ukitzen ditu. Atzokoan meza egin zuten eguerdian eta, amaieran, Izazpe abesbatzak Joseba Zugazti parrokoak aspaldian Madalena santuaren omenez sortutako abestia kantatu zuen, bertaratuek Madalenaren erlikiari muxu emateko ilara egiten zuten bitartean. Atzoko meza Ramon Elkoro urteetan bertako eta inguruetako apaizaren azkena izan zen, aurki erretiroa hartuko baitu.
Jaiak ongi joan direla adierazi du Ainhoa Aldasoro jai batzordeko kideak, «ostiralean sagardo festaren bueltan bildu zen jende gehien, 300 bat lagun». Zuzeneko musika, haurrentzako jolasak eta puzgarriak, paella erraldoia, ardo dastaketa tartean ardo beganoa eta Alegi auzoko nahiz inguruetako bisitariak elkartzeko hainbat hitzordu egon dira Madalena festen harira. Jatorduekin lotutako guztiak Itsasoko Ostatuko Manuren esku egon dira. Itsasoko, Gabiriako eta Ormaiztegiko udalek diruz laguntzen dituzte jaiak, baita bertako enpresek zein bizilagunek ere, laguntza eskertu die guztiei Aldasorok.