Sutea izan da Aztiria aldeko baso-pista batean bart, utzitako auto batetik sortua
Bart goizaldean sutea izan da Aztiria auzotik gorago dagoen mendi sail batean, Mutiloako partean, 05:00ak aldera. Gipuzkoako suhiltzaileek itzali dute. Baso-bidean bertan kiskalitako auto bat topatu dute, matrikularik gabe. Han sortu da sutea.
Goizaldeko 05:00ak aldera eman dute sutearen alarma. Legazpiko parkeko foru suhiltzaileak bertaratu dira, baso-sute bat zelakoan. Baita basozainak, baso-lanetako kuadrilla bat eta Ertzaintza ere.
Suaren sorburu edo eragile bitxia topatu dute, ordea, suhiltzaileek: baso-pistan bertan utzita zegoen auto batetik hasi da sutea, suhiltzaileen lehen begiztapenen arabera, ziurtzat jo daiteke eragilea autoa bera izan dela. Ibilgailua erabat kiskalita zegoen, eta matrikula-plakak kenduta. Handik zabaldu da inguruko sailetara. Ertzaintzak hartu du kasuaren ikerketa.
Pare bat ordu behar izan dute itzaltzeko, 07:00ak aldera arte. Suak ez du berez hedadura handirik hartu, eta kalte aipagarririk ere ez du utzi: otadi bat erre du. Baina oso larria izan zitekeen, gaua oso beroa izan delako eta haizea zebilelako Aztiritik goragoko altueretan, baso-sute handi bat eragiteko arriskuarekin, Legazpiko parkeko suhiltzaile sarjentuak egunkari honi esan dionez.