Goierriko Bertsozale Elkarteak koordinazioko egitura finkatuko du
Bigarren ikasturterako, koordinatzailea hartzeko deialdia egin du. Funtzionamendu egokirako «behar bat» ase nahi du. Eskualde gehiagotan ere ari dira egituratzen, ondorio onuratsuekin
Goierriko Bertsozale Elkarteak irail-urrian ekingo dio bigarren ikasturteari, eta langile bat izango du koordinazioa, kudeaketa eta komunikazioa landuko dituena eta bertso eskola batzuk emango dituena. Lan deialdia egin du; uztailaren 31ra arte da curriculuma bidaltzeko epea.
Barne eta kanpo jarduerak sendotzeko, eta etorkizunerako kudeaketa-ildoa finkatzeko beharrari erantzun nahi dio koordinatzailearen postua jartzeak. «Berez, haztea baino gehiago, behar bat da. Orain boluntarioak ibiltzen gara kudeatzen, eta gure lanekin ez gara iristen», dio Goierriko elkarteko kide batek.
Langileak egunean lau orduko lanaldia izango luke, Ordiziako bulegoan (etxetik egiteko aukera). Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen laguntzarekin ari dira egituraketa eraikitzen, eta Goierrikoa langilea jarriko duen hirugarren elkartea izango da; Harituz-ek (Tolosaldea) lanaldi osora du, eta Erniarraitzek (Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Zestoa) erdira.
Hiru ardura edo egiteko
Bailarakako bertsolaritza-mugimendua erregistratutako elkarte izatea bultzatu nahi dute. «Hala ere, beste arazo batzuk datoz; kudeaketa bera bat, hain justu», argitu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kide Mikel Artolak.
Eskualde ikuspegiz jardutea bultzatu nahi dute bailaretan. «Goierrik aspalditik dauka», dio Artolak. Urrian, elkarte gisa formalki eta bereiz berreratu zuten, 1982tik Ordiziako Argiberri elkarteak bideratutako Bertso Eskola. Goierri osoa hartzen du.
Hiru motatako ardurak izango ditu Goierriko Bertso Eskolako langileak: udalekin harremana, jarraipena eta diru laguntzen kudeaketa; bertso eskolak ematea, irakasleak aurkitzea, eskolei taldeak eskaintzea eta taldeak sorraraztea; eta sustapen lana, bertako bertsozaletasuna aktibatzeko eta ekitaldiak antolatzeko.
Langilea duten tokietan aurrerapenak sumatu dituzte: «Kuantitatiboki ikasle eta bertso eskola gehiago daude, eta klaseen kalitatea hobetu da. Funtzionatzeko era eraginkorragoa da. Nabarmena izan da hobekuntza», dio Mikel Artolak.