Aralar Bizirikek pista proiektua berehala bertan behera utz dezala eskatu dio Mankomunitateari
Astelehenean Enirio-Aralar Mankomunitatearen batzarra egingo dute Ordizian.
Hauteskundeak pasata osatu dira Udalak eta datorren astelehenean, hilak 29 egingo dute Enirio-Aralar Mankomunitateko lehen batzarra Ordiziako udaletxeko areto nagusian, 16:00etan. Aralar Bizirik plataformak hamabost udalez osatutako Enirio-Aralar mankomunitateari, “Aralar pistaz betetzea aurreikusten duen plana berehala bertan behera utz” dezala eskatzen dio, “azken urteetan eraikitako bi pistek sortutako kalte oso larriak ikusirik”. Horrez gain, “behar beharrezkotzat” jotzen dute, Enirio-Aralar mankomunitaterako aukeratuko diren udal ordezkariek “Aralarren interes ekonomikoak ez izatea eta hori publiko egitea”. Gainera, Mankomunitateko lan taldean, “udal ordezkariez gain abeltzain sektorea soilik ordezkatuta dagoenez, desegitea” eskatzen dute. Hori ez betetzekotan, lan taldea “Aralarren interesa duten sektore guztiez osatzea” da egiten duten eskaera. Eta horrez gain, “haien eginbeharrak berrantolatzea”.
Mankomunitateak abeltzain profesionalei “lehentasuna” eman behar diela uste dute, “beti ere, legedia betetzeko prest badaude”.
Enirio Aralarko Mankomunitateak hartzen dituen erabakien inguruan “erakunde gardena izan eta gizartea informatu” behar duela garbi dute.
Azkenik, mendira bidalitako abere larrien kantitateak “berehala mugatzea” eskatzen dute, horrela “azken urteetako abere larrien gainkargarekin bukatuz”.
Aldundiari “Enirio-Aralar mankomunitatea lan horietan laguntzea eta Aralar Natur parkearen zaintzan dituen ardurak betetzea” eskatzen diote. Eta horretarako, “pistak eraikitzeko dirua Aralar Natur Parkearen zainketa eta hobekuntzara bidera dezala eta ez hondatzera, azken urteetan egin duen bezala”.