Boto paperen B aldea
Legazpiko Udalak libretak egin ditu hauteskundeetan sobera gelditutako boto-paperekin, eta herritarren artean banatu ditu. Seiheun liburuxka inguru banatu dituzte jada. "Ekintza xumea baina arrakastatsua izaten ari da".
Legazpiko Udaleko langileek hautetsontziak zabaldu baino lehen ikusi zuten boto paper ugari sobera geldituko zirela. Hala izaten da beti, eta, udal, foru eta Europako hauteskundeak egun berean izan zirenez, gehitu egin ziren bozka-orriak. Baina zuzenean zakarretara bota beharrean, zerbait egin behar zutela erabaki zuten herrian, eta libretak egitea otu zitzaien: “Boto paperak erditik moztu, alde batetik kola eman, eta kartoizko tapaki bat jarri diegu sendotasuna emateko”, azaldu du Inma Hernandez Legazpiko Udaleko Ingurumen teknikariak. “Ekintza xumea da, baina arrakasta handia izaten ari da”.
Egunero gerturatzen da legazpiarren bat udaletxera libreta eske. “Ingurumenarekiko kontzientzia maila handia dute herritarrek. Gero eta paper gutxiago erabili nahi dugu apurka-apurka, baina papera, oraindik ere, beharrezkoa izaten da etxean eta lanean. Horregatik, herritarrek eskertzen dute paper birziklatua izatea”, laburbildu du teknikariak; boto paperen ohiko kolore urdin eta laranjak dauzkate libretek, eta atzealdean ikusi egiten dira hautetsi zerrendak. “Publikoak dira zerrenda horiek, eta ez dago ezkutatzen ibili beharrik”, argitu du. “Batek baino gehiagok esan dit alderdi guztietako zerrenden bilduma egiten ari dela”.
Azken hauteskundeetan bozka-orriz betetako berrogei kaxa geratu ziren sobera. Ia 7.000 legazpiar zeuden botoa ematera deituta, eta guztiek alderdi bera bozkatzea erabakiz gero, prest egon behar izaten dute orriek. Legazpiren gisako herrietan hori ia ezinezkoa denez, hauteskunde guztietan milaka boto paper gelditzen dira erabili gabe. “Gutxi gorabehera, berrehun orriko hirurogei liburuxka irteten dira kaxa bakoitzetik, eta bost kaxa besterik ez genituen egin hasieran, ez baikenuen espero halako uholderik. Halere, beste hamar kaxa prestatzeko eskatu behar izan dugu presaka”.
Hernandezek aipatu ditu kopuruak: “Bederatziehun liburuxka egin ditugu oraingoz eta seiehun pasatxo banatu. Denera, 180.000 boto paperi eman diegu bigarren erabilera bat”. Txikikeria dirudi maiatzeko hauteskundeetarako Legazpin prestatu zituzten 240.000 boto paperen aldean. Ia tona erdiko pisua zeukaten orri horiek guztiek. Eta hauteskunde kanpainako iragarkiak kontuan hartu gabe egindako kalkulua da hori.
“Bederatziehun liburuxka egin ditugu oraingoz;
denera, 1.800 boto paperi eman diegu beste erabilera bat”“Espero dut laster boto elektronikoa edukitzea.
Beste herrialde batzuetan egiten badute, gurean zergatik ez?”Inma Hernandez (Legazpiko Ingurumen Teknikaria)
Inguruko fabriken laguntzarekin ari dira bihurtzen orriak libreta. Eskolekin eta Goienetxe Fundazioaren Garagunearekin ere jarri ziren harremanetan elkarrekin zerbait egin ote zezaketen ikusteko, baina, hauteskundeak ikasturte amaieran izan zirenez, ez zen posible izan azkenerako. Halere, proiektuak jarraipena izango duela baieztatu du Hernandezek: “Boto paper zuriek ez dute balio libretak egiteko, beste aldera pasatzen delako tinta. Orri horiek haurrekin eskulanak egiteko erabil ditzakegu, hortaz”. Gordeta dauzkate gutun azalak ere. “Eta horiei ere irtenbidea eman diezaiekegu eskolen eta Garagunearen bitartez”.
Hernandezek ez du pentsatu ere egin nahi Legazpin hainbeste paper erabili gabe zuzenean zakarretara botatzen badituzte, hiri handiagoetan zer gertatzen den. “Baina espero dut laster boto elektronikoa edukiko dugula, eta papera guztiz alboratu ahal izango dugula. Beste herrialde batzuetan egiten badute, gurean zergatik ez?”.
Nahiz eta lehendabizikoz ari diren hauteskundeetako orriak berrerabiltzen, Legazpik urteak daramatza ingurumenaren aldeko ekimenak garatzen. “Ecoscam sistemaren barruan gaude, eta urtero ingurumenaren arloko bi helburu jartzen dizkiogu geure buruari. Hain zuzen ere, helburu horietako bat zen boto paperak berrerabiltzea”, azaldu du Hernandezek. Era berean, Agenda 21eko herritarren foroa eta Legazpi Klima 2030 egitasmoak ere martxan ditu udalak.
Zuzeneko parte hartzea
Aurten, 20-25 lagunek parte hartuko dute Agenda 21 foroan. “Askotariko gaiak jorratzen ditugu, iritziak pilatu eta proiektuak ahalik eta onenak izan daitezen”, adierazi du Hernandezek. Gaiaren arabera parte hartzea “handiagoa edo txikiagoa” izaten den arren, Legazpiko foroak “indar berezia” dauka inguruko herriekin alderatuta. “Duela ia hogei urte jarri genuen martxan foroa. Proposamen berriak jaso ditugu, eta aldatu eta hobetu egin dira udalaren proiektu asko”, azpimarratu du teknikariak. “Herritarrak ase egiten ditu norberak landutako proiektuak errealitate bihurtzen direla ikusteak”.
Legazpi Klima 2030 egitasmotik sortzen dira, berriz, ingurumen arloko proiektuetako asko. “Gizarte garapenaren eta ingurumenaren arteko oreka bermatu nahi dugu guk; hori da gure iparrorratza”, azpimarratu du Hernandezek. “Herriko gune bat zaharberritzean, ingurumena zainduz egiten ditugu lanak. Horrez gain, lurraren erabilera hobetzeko proiektuak garatzen ditugu, mugikortasun jasangarria bermatzeko neurriak hartu, teilatu berdeak sustatu…”. Aleka-aleka, kontzientzia ekologikoa hartzen ari dira legazpiarrak, “herri jasangarriago baten mesedetan”.